EH Bilduko hautagaiak, ordezkari politikoak, militanteak eta herritarrak Beasainen bildu dira gaur babesa adierazteko Gure Esku Dago erakundeak deituta dituen herri-galdeketei. Marian Beitialarrangoitia Gipuzkoako zerrendaburuaren esanetan, “Euskal Herriko 34 herritan egingo dira lehen galdeketak, horietako 32 gipuzkoarrak, eta horrek islatzen du gipuzkoarron artean erabakitzeko eskubide demokratikoak duen babes herritar zabala”.

Beitialarrangoitiak aldarrikatu du “Euskal Herriko herritarrei etorkizunaz erabakitzeko, kontsultatuak izateko eta libre eta demokratikoki adierazten duten borondatea errespetatua izateko dagokien eskubidea eta gaitasuna. Demokrazia herritarron erabakia da, eta, beraz, erabakitzeko eskubidea gauzatzea demokraziaren agerpen gorena da”. Horrexegatik, EH Bilduk babestu egin ditu bihar herri-ekimenez burutuko den erabakitzeko eskubidearen gauzatze praktikoa, eta 34 herri horietako herritarrei parte hartzeko deia luzatu dizkiete. “Gero bakoitzak nahi duena bozkatutako du libreki, baina aukera dutelarik, aukera baliatzera, erabiltzera animatu nahi ditugu. Demokrazian, hau da, herritarrengan sinesten dugulako”, esan du Beitialarrangoitiak.

EH Bilduk, noski, baiezkoaren aldeko botoa emango du, eta herritarrak ere horren alde egitera animatu nahi izan dituzte, iritzi guztiak errespetatuz. “Gure jendartean, gero eta sektore zabalagoentzat, eguneroko gaien gainean erabakitzea gero eta garrantzitsuagoa da: etxebizitzaz, azpiegiturez, ekonomiaz, zergez ... Erabaki eskubidea arropa horiek guztiekin jantzi nahi dugu, eta horretarako lan egiten jarraituko dugu kalean eta instituzio guztietan. Madrilen ere, Madrilera lanera goazelako, aukerak irekitzera”, esan du zerrendaburuak. Erabakitze eskubidea, beraz, aldaketa politiko eta sozialerako tresnatzat hartzen du EH Bilduk, jendartearen esku dagoen bitarteko nagusia herritarrak izateko beraiei dagozkien gaietan erabakia hartzen dutenak. Beitialarrangoitiaren hitzetan, “ardura zuzena dugu gizarteari bideak, aukerak, tresnak, akordioak, gehiengoak eskaintzeko eta bide horretan urratsak egiteko; eta adierazteko aukera hoberena, erreala dela gure etorkizuna, gizarte eta herri bezala eraikitzeko eta bermatzeko. Eraiki dezagun biharko Euskal Herria guzientzat eta guzien artean. Herri irekia, integratzailea, geroari begira jartzen dena eta biharko erronkei erantzuteko moduan. Demokrazia, justizia, berdintasuna eta askatasuna bermatuko duen Euskal Herria eraiki nahi dugulako, denon parte hartzea behar dugu bihar 34 herrietan burutuko den ariketa demokratikoan”.