Attachments:
Download this file (Azterketa batzorde ESKAERA.pdf)Azterketa batzordea sortzeko eskaria [ ] 28 kB

EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu taldeek hondakin-erraustegi batek pertsonen osasunean eta ingurumenean izan ditzakeen arriskuak eta kalteak ebaluatzeko azterketa-batzorde bat eratzeko eskatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.

Azterketa-batzordearen helburua izango da ematen dituen ondorioak Gipuzkoako Foru Aldundirako gida izatea, biztanleen osasuna eta ingurumena lehenesten dituen hondakinen kudeaketa-politika diseinatzeko.

EH Bildu eta Podemos-Ahal Dugu alderdiek eskaera erregistratu aurretik, joan den asteartean, Rivas Vaciamadrideko “Rivas Aire Limpio” elkarteak eta EOIT mediku taldeak hondakin-erraustegiak pertsonen osasunean dituen arriskuen berri eman zioten lurralde-ganberako Ingurumen Batzordeari.

“Rivas Aire Limpio” elkarteak oso datu kezkagarriak eman zituen Valdemingomezko erraustegiak inguruko biztanleriaren osasunean izan duen eragin larriari buruz, eta Osasuna eta Errausketa Ikerketa Taldea (EOIT) mediku-elkarte gipuzkoarrak kalteoi buruzko txosten xehatua aurkeztu eta erraustegiaren eraikuntza baztertzeko eskatu zuten, arreta-printzipioa aldarrikatuta.

EOIT elkarteak emandako informazioaren arabera, hondakin-erraustegi baten funtzionamenduak ondorio hauek ditu: erbi-ezpain kasuen intzidentzia % 230ean handitzen du; giltzurrun-malformazioak % 55ean handitzen ditu; gibeleko minbiziaren intzidentzia % 29an handitzen du, eta biriketako minbiziarena % 14an; eta, pleurako eta besikulako minbizi-kasuen heriotza-tasak % 84an eta % 24an handitzen ditu, hurrenez hurren.

Datu zientifiko horien ondoriozko kezka dela eta, Xabier Olano (EH Bildu) eta Juantxo Iturria (Podemos-Ahal Dugu) bozeramaileek, Ingurumen Batzordean dagozkien bozeramaileekin batera, hots, Iban Asenjorekin eta Ione Cisnerorekin batera, hurrengo ekaineko osoko bilkuran gai horren gaineko azterketa-batzorde bat eratzeari buruz hitz egiteko eskatu dute.

Bi batzarkide taldeen ustez, ekonomiaren, gizartearen, ingurumenaren eta osasunaren aldetik erraustegiak izan ditzakeen ondorio larriek “arrazoi nahikoa izan behar dute Batzar hauetan gai horren gaineko hausnarketa lasaia hasteko, atzeraeraginik ez duen eta gipuzkoarren osasunerako kaltegarria izan daitekeen erabakirik hartu ez dadin, kontuan hartuta joan den igandean gipuzkoar asko erraustegiaren kontra mobilizatu zirela Donostian”.