EH Bilduko ordezkariek ez dute parte hartuko ‘Etorkizuna Eraikiz’ ekitaldian, Markel Olanok antolatutako programak kutsu elektoralista garbia duelako. “Hauteskunde atarian gauden momentu honetan, Foru Gobernuak autobonborako erabili nahi ditu baliabide publikoak, eduki aldetik hutsala den ekitaldi batean. Guk argi dugu ez dugula parte hartuko horrelako propaganda zeremonietan; herritarren bizi baldintzak hobetzeko gaude, eta ez saraoetan ibiltzeko”, esan du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.

EH Bilduko talde batzarkideak diputatu nagusiaren gonbidapen bat jaso du ‘Etorkizuna Eraikiz’ aurkezpenerako. Programa Tabakalerako patio aretoan aurkeztuko da, ostiralean, goizeko 11etan, Foru Aldundiak aukeratutako hainbat gonbidaturekin. “Foru Gobernu berriaren hamaikagarren showa da hau; berriro ere, baliabide publikoz baliatuko dira propaganda egiteko, eta funtsean ezertarako balio ez duen ekitaldia egiteko”, adierazi du EH Bilduko bozeramaileak.

Gonbidapenean esaten dutenez, “Gipuzkoarentzat etorkizun hobeagoa eraiki” nahi dute ekimen horren bitartez. Aldiz, Xabier Olanok gogoratu egin dio diputatu nagusiari “eragile sozialekin, sindikalekin, langileekin, herritarrekin eta haien ordezkari politikoekin batera idatzi behar dela Gipuzkoako etorkizuna, beti ere, gardentasuna eta parte-hartzea bermatuz. EAJ-PSEren Gobernuak, aldiz, iluntasunez eta herri mugimenduei bizkarra emanez gobernatzen du”. EH Bilduk prest dago, eta horrela adierazi dio EAJri, Gipuzkoarren etorkizun hobeagoa elkarrekin eraikitzeko, baina modu serioan eta hauteskunde kutsurik gabe. “EAJk bere proiektuak inposatu nahi dituen bitartean (adibidez, Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza kendu, enpresari aberatsenei zergak gutxitu eta erraustegia eraiki), propaganda egin nahi du denon diruarekin. Ez da onargarria”.

Horregatik, EH Bilduko batzarkide taldeak erabaki du ez duela parte hartuko ‘Etorkizuna Eraikiz’ ekitaldi elektoralistan. Horren ordez, herritarren ongizateak eskatzen dituen erronkei aurre egiteko lanean jarraituko dute EH Bilduko batzarkideak.