Soraluzeko adinekoen Eguneko Zentroa ez da martxan jarriko urrira arte, obra 2015eko azaroan bukatu zen arren. Horrela aitortu du gaur Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu Maite Peñak, EH Bilduk argibideak eskatu eta gero. Koalizioko batzarkide Ernesto Merinoren hitzetan, “Diputazioaren hamaikagarren atzerapena da hau. Gure herrialdeko gizarte zerbitzuen egoera oso kezkagarria da, atzerapenak eta murrizketak besterik ez ditu egiten Aldundiak”.

EH Bilduk Maite Peña diputatuaren agerraldia eskatu du Gipuzkoako Batzar Nagusietan, argitu dezan zergatik jarraitzen duen itxita Soraluzeko Eguneko Zentroak. Merinok gogoratu du 2014ko uztailan Soraluzeko Udalak eta Foru Aldundiak eguneko zentroa martxan jartzeko hitzarmena sinatu zutela. Helburu horri begira, Udalak 200 metro koadroko lokal bat jarri zuen Aldundiaren eskuetan. Aldundiak, egokitzeko 400.000 euroko inbertsioa egin eta 20 plazako eguneko zentroa martxan jartzeko konpromisoa hartu zuen.

Obrak azaroan bukatu ziren arren, Diputazioak ez du ireki Eguneko Zentroa, eta Maite Peña diputatuak aditzera eman duenez, zerbitzu hau ez da martxan jarriko epe laburrean. Izan ere, urrira arte ez dela irekiko esan du diputatuak.

Foru Gobernuak gizarte zerbitzuekiko duen konpromiso eza berriro geratu da agerian. “Hamaikagarren atzerapena da hau – azpimarratu du Merinok - gizarte zerbitzuen hobekuntza eta garapena ez baitira lehentasunak EAJ-PSErentzat”. Izan ere, 2015-2017 Gizarte Zerbitzuen Mapa betetzeko borondaterik ez dutela aitortu dute; adinekoentzako eta desgaitasuna duten pertsonentzako aurreikusitako zerbitzu berriak erdira jaitsiko dituzte; urte beteko atzerapena inposatu dute udal egoitzak Kabiara pasatzeko egutegian; Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzaren desagerpena iragarri dute, eta abar luze bat.

Ildo berdinean, EH Bilduk gaurko batzordean eskatu du mendekotasuna duten pertsonek jasotzen dituzten prestazio ekonomikoen zerbitzua hobetzea, hau da, giza baliabide eta baliabide tekniko gehiago aktibatzea egungo itxaron epeak desagertzen joateko. Ernesto Merinok azpimarratu du 2014tik hona prestazioak kobratzeko epea ia bikoiztu egin dela, 66 egunetatik 128 egunetara pasa da. “Pentsiodunez ari gara eta badakigu pentsiodun askok eta askok zailtasun larriak dituztela hile bukaerara iristeko. Beraz, adinekoekin horrela ibiltzea ekidin beharrekoa dela iruditzen zaigu. Arduragatik. Gure aitona amonek horrela ibiltzea ez baitute merezi. Mendekotasunaren balorazioa atzeratu, prestazioen ordainketa atzeratu, eguneko zentroen irekiera atzeratu ez dute merezi”, esan du EH Bilduko batzarkideak.