Gipuzkoako Batzar Nagusiek, EH Bilduren proposamenez, Pasaiako Portuko Agintaritzako lehendakari Ricardo Peñaren eta aholkulari juridiko Macarena Olonaren agerraldiak antolatzea onartu dute gaur, Pasaiako lonjako gain- kostuen inguruan azalpenak eman ditzaten. EH Bilduk beste horrenbeste eskatu zion Marisol Garmendia diputatuari orain dela bi aste, portuko administrazio kontseiluko kidea baita. Diputatua, aldiz, ez da agertu gaur argibideak ematera. “Fiskaltzak auzitegira jo duela jakin dugu, sei delituren zantzuak aurkitu baitu. Diputatuak, gain- kostuak eta irregulartasunak ezagutu arren, ezkutatu egin zituen herritarren aurrean. Gainera, informazio guztia Fiskaltzaren esku jartzearen kontra bozkatu zuen. Gaur, berriro ere, ostrukarena egin du. Jarrera hau onartezina da”, salatu du Jon Albizu batzarkideak.

EH Bilduko ordezkariaren esanetan, oso larriak eta kezkagarriak dira Pasaiako badiako obretan agertu diren irregulartasunak, eta Fiskaltzak salaketa jarri du epailearen aurrean. Sei delituren zantzuak daude salaketaren oinarrian: prebarikatzea, diru publikoa oker erabiltzea, agiriak faltsutzea, iruzur egitea, eroskerian aritzea eta ordainarazpen ilegalak egitea. Zazpi milioiko gainkostua daramate Pasaiako portuko lonjako obrek, aurrekontuan zehaztutako gastua baino %46 handiagoa.

Ustezko delitu larri horien aurrean, Gipuzkoako Foru Aldundiak duen jarrera iluna onartezina dela adierazi du. Erakunde publiko batean delitu zantzuak antzeman bezain pronto, informazio guztia herritarren, alderdi politikoen eta epaitegien esku jarri behar da. Foru Gobernuak, aldiz, ez du gorabeheren berri eman ez Batzar Nagusietan ez komunikabideen aurrean. Eta ez hori bakarrik, Marisol Garmendiak informazioa Fiskaltzara eramatearen kontra bozkatu zuen.

Horrenbestez, EH Bilduk bere kezka adiera zu: “Kezkatuta gaude portaera horren atzean egon daitezkeen ezkutuko arrazoiengatik, eta horregatik, diputatuaren agerraldia eskatu genuen, lehenbailehen argitu zezan bere jokabidea, eta desbideratze ekonomikoaren tamaina. Marisol Garmendiari hainbat galdera egin nahi genizkion: Zergatik ez zuen nahi fiskaltza jakinaren gainean jartzea? Zergatik blokeatu zuen, beste kontseilari batzuekin batera, epaitegiek informazioa argitzeko aukera? Zergatik isildu zituen irregulartasunak? Baina ez da batzordera agertu. Gardentasuna eta zintzotasuna ezinbestekoak dira politikan; ezkutukeria eta opakutasuna ez baitira bidelagun onak kargu politikoentzat”.