Gaur, EH Bilduko ordezkariek GHKko asanbladan ezezko bozka eman diote hondakinen kudeaketa pribatizatzeko planari, erraustegia eraikitzeko aurreproiektuari eta horretarako aurkeztu den bideragarritasun ekonomiko eta finantzarioko azterlanari. Bertan azaltzen denez, gipuzkoarrok 1.216 milioi euro ordaindu beharko dizkiogu enpresa pribatu bati errauste planta eraiki eta ustiatzeko hurrengo 35 urteetan. Josu Amilibia Tolosaldeako Mankomunitateko lehendakariak azaldu duenez, “baldintza horiek onartezinak dira, erabat kaltegarriak direlako interes publikoetarako. Gainera, presaka eta korrika egin nahi dute dena, sekulako gola sartu nahi digute atzeko atetik gipuzkoarroi”.

GHKk presazko izaerako Asanblada Orokorra deitu du gaur, besteak beste, Zubietako azpiegitura eraikitzeko aurreproiektua, bideragarritasun plana, operazioaren urgentziazko izaera eta 2014-2015 urteetako kontuak onartzeko.

“Hurrengo 35 urteetan, gure poltsikoak eta gure politika publikoak baldintzatuko dituen kontratu publiko bati buruz ari gara. Presaka, eztabaida ukatuz eta gardentasunik gabe egin nahi dute dena. Ordezkari politikoak garen heinean, informazioa aztertzeko denbora behar dugu, herritarren interesak defendatu ahal izateko”, esan du Amilibiak. Are gehiago, mankomunitateko presidentearen esanetan, “Zubietako proiektuaren inguruan dauden itzalak sekulakoak dira. Prentsatik enteratu behar izan dugu ematen ari diren urratsez, jendartearen bizkarretara egiten ari dira dena, dituzten interes ezkutuak aitorrezinak direlako. Horrela gertatu zen GHKren kalifikazio legal berriarekin, GHKren estatuen aldaketarekin eta ingurumen baimenarekin”.

Plan ekonomikoari buruz, Amilibiak adierazi du finantziaziorako azterlanean agertzen diren datuen arabera, erraustegiaren pribatizazioak 1.216 milioi euroko kostua izango duela. Herritarrok 31,5 milioi euro urtean ordaindu beharko dizkiogu enpresari hurrengo 35 urteetan. Alde batetik, kanon finko bat ezartzen da (urtean 28 milioi €) eta beste bat, aldagarria (urtean 2-3 milioi €). Erretzera eramaten den hondakinen kopuruak ez du prezioa baldintzatuko. Berdin du 200.000 edo 50.000 tona diren, kanona edozein kasuetan ordaindu beharko da. Gainera, enpresak %10,5eko etekin industriala izango du.

Hortaz, 35 urtetan enpresa pribatuak 120 milioi euro baino gehiago irabaziko ditu. “Hau da, erraustegia negozio borobila da interes pribatuentzat. Aldiz, sekulako diru garela suposatzen du herritarrontzat”.

Erraustegiaren eraikuntza enpresa pribatu baten bidez finantzatzea aukerarik garestiena da. Diputazioak kolaborazio publiko-pribatuaren bertsio oso polemiko bat aukeratu du, “itzalpeko ordainsaria” bezala ezagutzen dena. Gainera, Foru Aldundiak, berriro ere, 'Swap' delako produktu finantzario toxiko berri bat sinatuko du.

EH Bilduko ordezkariak esan duenez, “herritarren eskubideak eta interesak azken muturreraino defendatuko ditugu. Erraustegia Gipuzkoan ez da behar, osasunerako oso kaltegarria da, ez du konpontzen hondakinen arazoa, ez du babes sozial nahikorik eta, gainera, ehunka milioi euro esku pribatuetara pasatzeko erabili nahi dute. EH Bilduk, aldiz, hondakinak kudeatzeko alternatiba egingarria, iraunkorra eta merkeagoa du”.