Zumarraga-Urretxuko Arcelor-Mittaleko 350 langileen etorkizuna kolokan dagoen bitartean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren arrastorik ez dago. Horregatik, enpresaren itxiera ekiditeko benetako inplikazioa eta neurri zehatzak hartzea eskatu dio gaur EH Bilduk Diputazioari. Gobernuan dauden EAJk eta PSEk, baina, uko egin diote aurrera pausoak emateari, eta orain arteko jarrera pasiboarekin jarraitzearen alde egin dute. “Egoera oso larria da: familiak kalera ateratzen ari dira lanpostuak mantendu daitezen eskatzeko; langileek plantaren etorkizunean sinesten baitute. Horregatik, enpresari bideragarritasun plana eskatzen diote eta instituzioei, berriz, inplikazioa eta konpromisoa”, azpimarratu du EH Bilduko batzarkide Judit Garciak.

Garciak EH Bilduren ebazpen proposamena defendatu du Batzar Nagusietako Osoko Bilkuran, Arcelor Mittaleko ordezkari sindikalak bertan zeudelarik, eta gogoratu du langileek Batzar Nagusietan hitz egin ahal izango dutela datorren astean, koalizioak hala eskatuta.

Batzarkidearen esanetan, “hilabete eta erdi pasa da Arcelor Mittal enpresak Zumarragako plantaren zatikako itxiera iragarri zuenetik eta, dagoeneko, gelditzea gauzatu da, labea itzali eta laminazio trena gelditu dute. Denbora honetan Arcelor Mittal enpresak ez du bideragarritasun plana erakutsi eta ez die langileei daturik eman”. Bitartean, hemengo instituzioei dagokionez, “enpresaren argudioak ontzat eman dituzte, Foru Gobernuaren arrastorik ez dago eta Eusko Jaurlaritza gardentasun faltan eta anbiguetatean mugitzen da”.
“Badaude eskaera zehatzak, sindikatuen eskaerak, alegia, publikoki Eusko Jaurlaritzak enpresari exijitu ahal dizkionak: kanpo kontsultora baten azterketa, mahai bat osatzea langileen parte-hartzearekin... Neurri horiek egoera bideratzen lagunduko lukete. Aitzitik, EAJ-PSEk nahi luketen ildotik, orain arte bezala jarraituz gero, egoera ez da konponduko”, esan du Garciak.

Hortaz, Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu die Gipuzkoa jasaten ari den desindustrializazio oso bizkorra gelditzeko modu eraginkorrak bilatzeko eta,
bereziki, Urola eskualdearentzat industria plana osatzeko helburu nagusia izango duen instituzioen arteko mahaia sortu dezala, non garapen agentziak eta eskualdeko
eragile sozioekonomikoek parte hartuko duten. Plan honen xedeak eskualdeko ehun industrialaren teknologikoa zein dibertsifikazio maila areagotzea eta enpresen energia efizientzia hobetzea izango lirateke.

Paradisu fiskalak

Beste alde batetik, EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok adierazi duenez, Gipuzkoan, iruzur fiskalaren aurkako borrokan haratago joateko aukera galdu da gaur. Podemos-Ahal Duguk eta EH Bilduk, adostutako ekimen baten bitartez, paradisu fiskalekin amaitzeko bidean urrats eraginkorrak emateko zazpi neurri proposatu dituzte. Besteak beste, kontrol eta informazio ekintzak areagotzea egoitza fiskala edo negozio unitatea Gipuzkoan izanda, paradisu fiskaletan aritzen diren pertsona fisikoen, enpresa edo sozietateen gainean; gardentasunaren izenean, horien zerrenda argitaratzea; zerga-ihesaren aurkako mekanismoak indartzea, edo lehiaketa publikoetan erantzukizun fiskalari buruzko txostenak eskatzea. EAJ-PSEk, aitzitik, ekimen hauek blokeatu egin dituzte.