EH Bilduren ustez, penagarria da EAJ-PSEk, PPren eskutik, Gipuzkoako Batzar Nagusietan erakutsi duten jarrera eskuindar eta atzerakoia. Alde batetik, Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) mantendu eta hobetzearen kontra agertu dira, berriro ere murrizketa sozialen bidea aukeratuz eta pobrezian dauden pertsonak zigortuz. Beste alde batetik, uko egin diote elkarbizitzaren izenean, jarrera eta diskurtso xenofoboak arbuiatzeari.

EH Bilduren ustez, oso kezkagarria da Euskal Autonomi Erkidegoko zenbait arduradun politikok gure ongizate sistemaren aurka hartzen ari diren neurriak eta, horiek justifikatzeko, hainbat herritarren kontra botatzen ari diren mezu xenofoboak. Gipuzkoan ere, immigrazioarekin alarma soziala sortzen ari da Foru Gobernua, laguntza sozialak kentzeko aitzakia bezala”, adierazi du Ernesto Merino batzarkideak. Izan ere, Maite Peña diputatuak DBLk “erakartze efektua” eta “migrazio isuri artifiziala” eragiten duela esan zuen.

Horregatik, EH Bilduk urgentziazko proposamena eraman du gaur Batzar Nagusietako osoko bilkurara, hurrengo lau punturekin: nazional populismo xenofoboaren zabalkundea arbuiatu; gure lurralde historikora iristen ari diren pertsona guztiak ongi etorriak direla aldarrikatu eta Foru Aldundiari eskatu argudiategi xenofoboa ezaba dezala bere diskurtsotik eta arrazismoaren aurkako plana landu dezala.

EAJ-PSE eta PP ez dira gauza izan hain oinarrizkoak diren lau puntu horiek onartzeko, ezta EAEko arduradun instituzional nagusien aldetik gure lurraldera datozen herritar askok pariatzen ari diren eraso bortitzak salatzeko. “Foru Aldundiak nahiago izan du iritzi publikoarentzat irensten erraza eta sinesgarria den mezu nazional-populista bat erabili murrizketa sozialak justifikatzeko”, salatu du Merinok.

Ildo berean, 1.422 familia pobrek jasotzen duten Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza mantentzearen aldeko apustua egin du gaur EH Bilduk, baina EAJ-PSEk, berriro ere, pobreziaren kontrako tresna hori kentzea defendatu dute, nahiz eta orain dela hilabete gutxi, 5/2015 mozioan, kontrakoa bozkatu: “Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatzen diote Dirusarrerak Bermatzeko Laguntzari eusteko, gaur egun dagoen terminoetan”. “Gipuzkoako Foru Gobernuak gezurretan hasi zuen legealdia eta gezurretan jarraitzen du. Gauza bat esan, eta kontrakoa egiten du”, esan du Merinok.

EH Bilduko batzarkideak, gainera, Elkar-Ekin balizko gizarteratze plana erakutsi du: “Guztira, 15 lerro ditu plana, tituluak ere zenbatuta. Planik ez dago. Eta, beraz, ez duzue inolako pulamenturik. 700 ume babesten duen eta erreala den prestazioa, existitzen ez den planak ordezkatzea nahi duzue. Kudeaketa ona, gobernantza berria, antza. Ba, guk itxurakeria eta jarduera zitala besterik ez dugu ikusten.

Errealitatea da mendiari ezin zaiola aterik jarri. Mundu globalizatuan bizi gara, eta pertsonak mugitu egiten dira. Gehiago oraindik, pertsonek mugitzeko eskubidea dute. Pertsonek bizi baldintza hobeagoak bilatzeko eskubidea dute, eskubidea dugu. Orduan, hemendik aurrera, gure artean dauden horiekin zer egin behar dugu, hiru urte baino gutxiagoko errolda baldin badute eta babesgabetasun egoeran badaude? Zubi azpian utzi?”