EH Bilduk bere kezka agertu du gaur Pasaiako badiako obretan agertu diren irregulartasunengatik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak horien aurrean izan duen jarrera iluna onartezina dela adierazi du: “Erakunde publiko batean delitu zantzuak antzeman bezain pronto, informazio guztia herritarren, alderdi politikoen eta epaitegien esku jarri behar da. Foru Gobernuak, aldiz, ez du auzi honen berri eman ez Batzar Nagusietan ez komunikabideen aurrean. Kezkatuta gaude portaera horren atzean egon daitezkeen ezkutuko arrazoiengatik, eta horregatik, Marisol Garmendia diputatuaren presazko agerraldia eskatu dugu, lehenbailehen argitu dezan bere jokabidea, eta desbideratze ekonomikoaren tamaina”, esan du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olano.

Xabier Olanok, Jon Albizu batzarkidearekin batera, ekimen horren berri eman du gaur Batzar Nagusietan egindako prentsaurrekoan. Era berean, jakinarazi du EH Bilduk eskatu dituela Pasaiako Portuko Agintaritzako presidente Ricardo Peñaren agerraldia eta Agintaritzako Administrazio Kontseiluko kide eta aholkulari juridikoa den Macarena Olonarena, Estatuko abokatua. Iritsi zaigun informazioaren arabera, azken hau izan da auzia Fiskaltzara eraman duena, Estatuak egindako auditoria batek hainbat irregulartasun azaleratu eta gero.

Auditoria horren arabera, Agintaritzak arrantzaleen lonja berritzeko obra 2011an esleitu zuen 15 milioi euroengatik, baina, gaur egun, gastua 22 milioi eurotara iristen da. Hau da, 7 milioi eurotako desbideratzea egon da, %46 (legeak %10eko topea ezartzen du, kontratazio berririk gabe). Horretaz gain, “aurrekonturik gabeko” eta “kontraturik gabeko” obrak egin omen dira, eta “baimendu gabeko gastuak”. Horren ondorioz, eta Administrazio Kontseiluaren gehiengoaren pasibotasunaren aurrean, aholkulari legalak, bere kabuz, eraman du informazio guztia Fiskaltzara.

“Gardentasuna eta zintzotasuna ezinbestekoak dira politikan; ezkutukeria eta opakutasuna ez baitira bidelagun onak kargu politikoentzat”, adierazi du Xabier Olanok. Baina Foru Gobernuak Pasaiako badian izan diren irregulartasunak isildu egin ditu. Are gehiago, informazioaren arabera,
apirilaren 5ean izan zen Agintaritzaren azken Administrazio Kontseilua. Bertan, Marisol Garmendia diputatuak berak auzia Fiskaltzara eramatearen kontra bozkatu omen zuen, Kontseiluko idazkari juridikoak delitu zantzuak zeudela ohartarazi zuen arren. “Zergatik ez zuen nahi diputatuak Fiskaltza jakinaren gainean jartzea? Zergatik blokeatu zuen, beste kontseilari batzuekin batera, epaitegiek informazioa argitzeko aukera? Hori da diputatuak erantzun beharko duen galderetako bat”, azpimarratu du.

Jon Albizuk gogoratu duenez, otsailean, Pasaiako EH Bilduko taldearen galderaren ondorioz, Agintaritzak aitortu behar izan zuen lonjako lanak geldirik zeudela, “zenbait zailtasuni konponbidea eman bitartean”. ”Lanen ibilbidean, hasierako proiektua eraldatzea behartu duten hainbat egoera aurkitu dira”, gaineratu zuten, eta Añarbeko kanalizazioen proiektuan erabilitako planoak gaizki irudikatuak zeudela aipatu zuten. “Arazo hauen guztien konponketak erantsia dakartza hainbat lan tekniko eta beste horrenbeste izapide administratibo”, esan zuten, eta “gaur egun afektatuak izan ez diren lanak bakarrik burutzen” ari zirela gaineratu. Arazo hauek guztiak epe laburrean konpontzea espero zutela iragarri zuten. Orain jakin dugunaren arabera, aitzitik, irregulartasunek eragin dute egoera hori, eta errealitatea ezkutatu egin zaie herritarrei.

Bitartean, Marisol Garmendia diputatuak hainbat prentsaurreko eta adierazpen egin ditu Pasaiako Badiako biziberritzeari buruz, Aldundiak egoera “desblokeatu” duela iragarriz eta proiektua aurrera doala azpimarratuz. Diputatuak, baina, ez du inoiz aipatu lonjako obra geldituta zegoela irregulartasunak, diru publikoaren desbideraketak eta delitu zantzuak direla medio. Ez du jakinarazi Agintaritzako zuzendaria kargugabetu dutela, eta beste goi-kargu baten kontrako espedientea ireki dela. Beraz, diputatuak nahita ezkutatu die informazioa herritarrei eta batzarkideei.

EH Bilduko ordezkariak egoera honen aurrean “larritasuna” agertu du, eta gai honetan Diputazioak agertu duen pasibotasuna eta iluntasuna oso kezkagarriak direla azpimarratu du. “Hurrengo urteetan inbertsio publiko garrantzitsuak aurreikusten dira proiektu honetan. Beharrezkoa jotzen dugu jakitea zein neurri hartuko diren gardentasuna eta irregulartasunak errepikatuko ez direla bermatzeko”.