EH Bilduren ustez, oso kezkagarria da Euskal Autonomi Erkidegoko zenbait arduradun politikok gure ongizate sistemaren aurka hartzen ari diren neurriak eta, horiek justifikatzeko, hainbat herritarren kontra botatzen ari diren mezu xenofoboak. Horregatik, urgentziazko bilera egin dute gaur udal, herrialde eta erkide mailako EH Bilduko hainbat ordezkarik joera horrekin bukatzera bideratutako ekimen bateratuak diseinatzeko. Donostian izan da EH Bilduko erakundeen arteko ordezkarien bilera, eta bertan, beste batzuen artean, Eva Blanco legebiltzarkidea; Gipuzkoako Batzar Nagusietako bozeramaile Xabier Olano eta Oihane Zabaleta Gipuzkoako koordinatzaile eta bozeramailea.

Bilera egin eta gero, EH Bilduko bozeramaile Oihane Zabaletak eta Xabier Olanok agerraldia egin dute adostutako ekimenen berri emateko. Azaldu dutenez, Europako herri askotan eskuin muturreko mugimenduen gorakada ikusten ari garen une honetan, EH Bilduko ordezkari publikoek salatu nahi izan dute onartezina dela Euskal Herriko bizilagun asko EAEko arduradun instituzional nagusien aldetik pariatzen ari diren eraso bortitzak. Horregatik, erakundeetan dituzten baliabide guztiak aktibatzea erabaki dute, murrizketa sozialekin eta diskurtso xenofoboekin bukatzeko ebazpenak aurkeztuz udal, herrialde eta erkide mailako instituzioetan.

Zabaletak gogoratu du Europa zeharkatzen duten jarrera politiko xenofoboak, zoritzarrez, Euskal Herrira ere iritsi direla. Gasteizko alkate ohi Javier Marotok Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen dutenen kontrako gurutzada abiatu zuen, geroztik Javier de Andresek jarraitu egin duena. Baina PP ez da izan eskuin bakarra, etorkinak erabiliz, prestazio sozialen aurka egin duena. Eusko Jaurlaritzaren web orrialdean, Irekia izeneko atalean, duela gutxi galdetu egiten zen ea kanporatu behar ote ziren etorkinak, langabezian geratuz gero. Legebiltzarreko EH Bildu taldearen protestaren ondorioz, EAJk erretiratu behar izan zuen galdera.

Baina ez da izan Eusko Jaurlaritzak mamu xenofoboa astindu duen aldi bakarra: EAEn biztanleei etxebizitza bermatzeak kanpotik jendea “masiboki” erakarriko zuela esatera iritsi zen Josu Erkoreka jeltzalea.

Gipuzkoan ere, EAJ-PSEren foru gobernuak Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza izeneko prestazioa kentzeko “erakartze-efektua” delakoa argudiatu du, behin eta berriro. Horren aurretik, gogoratu dezagun, ukitu arrazista zuen galdetegi bat erabili zuela prestazio horren gaineko “hausnarketa” sustatzeko. Eta ez hori bakarrik, Angel Toña Lan eta Gizarte Gaietako sailburua, EH Bilduk egindako galderei erantzunez, laguntza hori "bonba potentziala" dela adierazi zuen.

“Migrazio isuri artifiziala”, “erakartze efektua” edo “bonba potentziala” bezalako esaerak onartezinak dira eta publikoki ozen salatu behar dira, are gehiago, Gobernu ardurak dituzten kargu publikoen ahotsetan entzuten ditugunean. Etorkizun hobe baten bila gurera etorri eta gure artean bizi diren eta egoera ekonomiko txarraren eraginez laguntza ekonomikoa eskatu behar izan duten pertsonek zerbait txarra egin izan balute bezala tratatzen dituzte. Kanpotik gure dirua xahutzera etorriko direla saldu nahi digute, orain arteko azterketa eta datuek beldurraren diskurtso hori gezurtatzen duten arren.

Izan ere, Ikuspegi Immigrazioaren Euskal Behatokiak aurkeztu duen 'Euskadiko immigrazioaren eragin ekonomikoa eta demografikoa' azterlanaren datuek berretsi dute etorkinek jasotzen dutena baino gehiago ematen diotela ekonomiari. Ez hori bakarrik, Gipuzkoako Foru Aldundi berak, DBL kentzeko oinarri duen txostenean, hitzez hitz aitortzen du: “[Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntzak] populazio migranteak herrialdean duen tamainan eragin adierazgarririk ez du izan”.

Datuek “dei efektuaren” argudioak gezurtatzen dute; zergatik, orduan, elikatu diskurtso arrazistak? EAJk - PSEeren konplizitatearekin eta PPren laguntzarekin- gure ongizate sistema desegiteko estrategia jarri du abian EAEko erakunde nagusietatik. Laguntza sozialak “desprestigiatu” nahi dituzte, mezu negatibo eta xenofoboen bitartez, murrizketak ezartzeko herritarren balizko onespenarekin. Erakartze efektua aitzakia hartuta gizarteko ahul eta zaurgarrienak ahulago eta zaurgarriago bihurtuko dituzte.

Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza (AGI):

Horrela gertatzen ari da, adibidez, Gipuzkoan. Gogoratu beharra dago Foru Aldundiak, EH Bildu gobernuan zela, 2012ko uztailean sortu zuela Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza, Patxi Lópezen Gobernuak Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta kobratu ahal izateko errolda denbora igo zuenean; urte betetik hiru urtera pasa zen, eta hainbat pertsona babes sistematik kanpo geratu ziren. Gipuzkoak sortutako laguntzak izaera unibertsala du, baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiei zuzenduta dago, nongoa den begiratu gabe.

Orain, Foru Gobernu berriak, diru laguntza eskatzeko eskubidea kenduko du. Gaur egun, 1.422 familiak jasotzen dute DBL, 700 haur barne. Murrizketa bortitza da; familia ahulenak, behartsuenak, bazterrean lagako ditu Diputazioak, eta desberdintasuna eta pobrezia areagotuko du gure lurraldean, miseria egoerara zigortuko ditu laguntza kenduta. Aitzitik, pertsona horiek Gipuzkoan erroldatuta daudelako eta Gipuzkoako herritarrak direlako, instituzioek ardura bat dute haiengan.

Ekimenak erakunde guztietan:

EH Bilduk beste eredu bat du: herritarren eskubide sozialekin konpromisoa dugu, aurreko agintaldian erakutsi genuen bezala. Horregatik, gogor egingo dugu lan, inongo atzera pausurik izan ez dadin politika sozialetan. Euskal Herriak elkartasunean eta politika aurrerakoietan eredu izaten jarraitu behar du eta. Jendeak nahiago du lan eta bizi baldintza onenak eskaintzen dizkion gizartean. Gizarte osasuntsuaren isla da hori, herritar guztion eskubideak eta beharrak bermatzen dituen gizartearen isla. Hori da guk Euskal Herrirako defendatzen dugun eredua. Ekonomikoki – sozialki – ahulak are gehiago baztertzea eta aberatsak are gehiago babestea, hori ez da gure eredua.

Horregatik, EH Bilduko ordezkariek jarrera eta diskurtso xenofoboak arbuiatzeko eta murrizketa sozialak gelditzeko proposamenak instituzio guztietara eramatea adostu dute gaur. Bertan:


  • Euskal herritarren elkartasuna eta babesa adieraziko diegu laguntza sozialak jasotzen dituzten familiei.
  • Diskurtso arrazista eta xenofoboak guztiz onartezinak direla eta arbuiatzen ditugula adieraziko dugu.
  • Murrizketa sozial guztiei ez esango diegu.
  • Pobrezia, bazterkeria eta arrazakeriari aurre egiteko politika sozialak garatzea exijituko diegu euskal erakundeei.