“Gipuzkoak zabortegi kutsagarririk eta erraustegirik gabeko lurraldea izan behar du”. Horrela defendatu du gaur EH Bilduko kidea den Ainhoa Intxarraundietak, GHK-ko lehendakari ohiak, Donostiako Miramar Jauregian burututako jardunaldietan eman duen hitzaldian. Bertan, erraustegia baztertzen duen alternatiba egingarria, iraunkorra eta askoz merkeagoa dagoela azaldu du, aurreko Gipuzkoako Foru Gobernuak hondakinen tratamendurako diseinatutako plana, alegia.

Intxaurrandietak parte hartu du Gipuzkoako Europako Ezkerraren talde parlamentarioak (GUE/NGL) errausketari buruzko informazio eta eztabaidarako antolatutako jardunaldian. Bertan, errausketak osasunean eta ingurugiroan sortzen dituen efektuak aztertu dira, eta baita ekonomia zirkularra eta zaborra kudeatzeko sistema alternatiboak ere.

GHK-ko lehendakari ohiak esan duenez, hondakinen kudeaketari dagokionez, Zero Zabor filosofiari jarraituz, errausketan oinarritutako kultura batetik birziklapenean oinarritutako beste kultura batera pasatzeko egundoko jauzia eman zen pasa den legealdian. Gipuzkoako herri gehien-gehienek neurriak hartuak zituzten gehiago birziklatzeko, eta emaitzak agerikoak dira: gaur egun %50tik gora birziklatzen ari gara, duela bost urte %20 inguru birziklatzen genuenean. Gipuzkoarrek aldaketa handia eragin zuten oso denbora laburrean, eta horregatik gure lurraldea erreferentzia bihurtu zen hondakinen kudeaketaren alorrean.

Eta horrekin batera, gure errealitatera eta Europaren irizpideetara egokitutako azpiegitura sarea diseinatu zen. Lehen errauskailua zen ardatza, baina Gipuzkoak ez du azpiegitura horren beharrik. Hortaz, EH Bilduk atzera bota zuen egitasmo hori, eta gure beharretara egokitutako azpiegitura sarea jarri genuen mahai gainean: konpostatze plantak, tratamendu mekaniko biologikorako planta bat eta inerteen biltegi bat; gehi plastikoak eta papera birziklatzeko plantak, garbiguneak eta abar. Sare horrekin milioika euro aurrezteko aukera dugu gipuzkoarrok, lanpostu asko sortu eta gaur egungo zabortegi kutsagarriak itxi.

Intxaurrandietak azpimarratu du Europa osoan ez dagoela hondakinen kudeaketa iraunkorrean hainbeste urrats eta hain denbora laburrean egin dituen beste herrialderik. Tamalez, EAJ-PSEk atzera egin nahi dute gipuzkoarrok egindako ibilbidean, eta iraganera eraman nahi gaituzte berriro erraustegi toxikoaren proiektuarekin.

GHK-ko lehendakari ohiaz gain, “Errausketa eztabaidatzea Gipuzkoan eta Europan” titulupean burututako jardunaldiak hainbat aditu bildu ditu. Roberto Bermejok, Ekonomia Iraunkorreko EHUko ohorezko irakaslea, ekonomia zirkularrean aurrera pausoak emateko premian sakondu du. Teknologia elektronikoko EHUko irakasle titularra den Gorka Bueno, aldiz, Bizkaiko hiriko hondakinen errausketaren inguruan aritu da. Jardunaldietan Iñigo Suberbiola Donostia Unibertsitate Ospitaleko medikuak ere hartu du parte, eta errausketak pertsonen osasunean eta ingurugiroan sortzen dituen kalteei buruz hitz egin du. Azkenik, Piotr Barczak, European Environmental Bureau-ko hondakin-politikako arduradunak Europar Batasuneko araudiari eta zaborren kudeaketa jasangarriaren etorkizunari buruz aritu da.