EH Bilduk hondakinen kudeaketa pribatizatzeko plana zentzugabekoa dela salatu du, hurrengo 35 urteetan Gipuzkoarren borondatea eta poltsikoa gatibu izango dituelako. Horregatik, EAJ-PSEri eskatu dio “ez dezala utzi herritarren osasuna eta gure lurraldearen iraunkortasuna negozio pribatuen esku”. Iban Asenjo batzarkideak salatu duenez, “erraustegia ustiatzeko entramatuak suposatuko du hondakinen kudeaketaren kontrol publikoa galtzea. Zerbitzu publiko horren giltza enpresa pribatu bati emango zaio 2051ra arte, negozio borobila egiteko, herritarren osasunaren kontura eta gure lurraldearen iraunkortasunaren kontura”.

EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, ingurumen diputatu Jose Ignacio Asensio gaur Batzar Nagusietan izandako agerraldian eman duen informazioa “oso kezkagarria da, agerian utzi duelako erraustegia pribatizatzeko operazioa pelotazo bat dela, EAJ eta PSEren gobernuak multinazionalei egindako oparia”. Izan ere, diputatuak aitortu du ustiatzaileari ez zaiola ordainduko tratatutako zabor kopuruaren arabera, baizik eta “disponibilitatearen” arabera, berdin-berdin pagatuko zaiola 50.000 ala 200.000 tona hondakin erre Zubietan. “Negozio borobila egingo dute multinazionalek Gipuzkoako herritarren poltsikoaren kontura”, esan du Asenjok.

Are gehiago, diputatuak azaldu du Aldundiak tasa gehigarria ordainduko diola enpresari isuri toxikoak gutxitzen dituen heinean. “Sistema hori erokeri bat da, ingurumena kutsatzeagatik zigortu beharrean, Diputazioak ordaindu egingo dio enpresari? Ez gaitu harritzen kontratuak multinazionalen interesa piztu izana, negozio borobilaren usainak erakarri ditu”.

EAJk eta PSEk bultzatu nahi duten ereduaren ondorioz, hondakinen kontrol publikoa galduko dute bai Diputazioak bai mankomunitateek, eta zaborraren kudeaketa ez da egingo interes publikoaren irizpideen arabera, baizik eta irabazi asmoaren ikuspegitik. Beraz, birziklapenean eta ‘zero zabor’ filosofian oinarritutako eredua bultzatu beharrean, hondakinak negozioa egiteko eta dirua irabazteko erabiliko dira herritarrek pagatu beharko duten zabor-tasaren kontura. Horregatik, Ermua bezalako herri batek (PSE-EEko alkatearekin) Gipuzkoako hondakinen bukaerako tratamenduaren prezioak ikusita, GHKtik irtetzea eskatu du.

Asenjok gogoratu du, gainera, EAJk eta PSEk GHKren estatutuak eta izaera bera aldatu behar izan dituztela, esplotazioa pribatua esleitu ahal izateko: “Markatutako joko arauak aldatzea suposatzen du horrek, legeari iruzur egitea da”.

Horregatik, batzarkideak esan duenez, “EH Bilduk herritarren eskubideak eta interesak azken muturreraino defendatuko ditu. Erraustegia Gipuzkoan ez da behar, osasunerako oso kaltegarria da, ez du konpontzen hondakinen arazoa eta ez du babes sozial nahikorik”.