EH Bilduk bere babesa adierazi die gaur Gipuzkoako Esku Hartze Sozialeko zerbitzuetako langileei. Ezkerreko koalizioak Foru Gobernuari eskatu dio sektore horretako hitzarmenaren negoziazioan inplikatu dadila eta langileen baldintzak babestu ditzala, Diputazioak baitu giltza negoziazioa zuzen itxi dadin.

Esku hartze sozialaren sektoreko sindikatuek (ELA, LAB eta CCOO) agerraldia egin dute gaur Batzar Nagusietan, EH Bilduk eskatuta, sektoreko hitzarmenaren negoziazioaren berri emateko. Sektoreko langileak aspalditik ari dira hitzarmena eskean, aurrekoa 2014ean bukatu baitzen eta, harrezkeroztik, soldata izoztua izan dute. Sindikatuen ordezkariek salatu dutenez, negoziazioek nekez egingo dute aurrera, sektore publikoa izan arren, Foru Aldundiak ez dituelako bere ardurak betetzen.

Ernesto Merino batzarkideak gogoratu duenez, profesional hauek gizarte zerbitzu publikoetako langileak dira, adibidez, indarkeria matxista jasan duten emakumeen zentroetan edo babesik gabeko egoera larrian dauden adin txikikoen egoitzetan egiten dute lan. Hortaz, beraien lan baldintzak duinak izatea ezinbestekoa da kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko. Aldundiaren gizarte zerbitzuak esplotatzen dituzten azpikontratetako langileak diren heinean, Diputazioak baitu erantzukizun nagusia hitzarmenaren negoziazioan.

“Gizarte Zerbitzu publikoez ari gara hitz egiten, beraz, Diputazioarena da erantzukizun nagusia. Herritarrei kalitatezko zerbitzu publikoak ematen zaizkiela bermatzeko, lehenik eta behin, langileek baldintza duinetan egiten dutela lan bermatu behar du Administrazioak”, esan du EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok.