Gipuzkoako Foru Aldundiak hilabeteak daramatza Dirusarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL-AGI) jasotzen dutenen kontrako kanpaina egiten, argudio xenofoboak erabiliz defendatu ezin direnen aurka. Gaur, EAJk iragarri du diru-laguntza jasotzeko eskubidea kenduko diela hilabete batzuk barru. “Murrizketa bortitza da, familia ahulenak, behartsuenak, bazterrean lagako ditu Diputazioak. Desberdintasuna eta pobrezia areagotuko da gure Lurraldean eta, horrek, gipuzkoar bezala, lotsatzen gaitu”, esan du EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok.

EH Bilduko ordezkariak gogoratu du Gipuzkoako 1.422 familia pobrek jasotzen dutela DBL-AGIa gure Lurraldean, 700 haur barne: “Beraz, Diputazioak DBL-AGIa kentzen badu, esklusio gehiago egongo da Gipuzkoan, familia pobre gehiago eta desberdintasun handiagoa. Herritarrok ez dugu merezi eta ez dugu nahi bazterketa soziala eta haur pobrezia handitzen duen Gobernu bat”.

Merinok gogoratu du eragile sozial askok babestu dutela Diputazioaren dirulaguntza, eta Gipuzkoako Gizarte Langileen Elkargoak berak adierazi duela DBL-AGIak “beharra duten pertsona eta familiei oinarrizko diru-laguntza bat izatea bermatzen die, laguntza hau gabe ezingo bailukete bizi iraun edo duintasunez bizi”.

Gainera, EH Bilduko batzarkideak salatu du "Aldundia laguntza sozialen kontrako desprestigio kanpaina garbia egiten ari dela, eta, horrekin, familia pobreen eta etorkinen aurkako klima sortzen ari dela iritzi publikoan, horrek dakarren arriskuekin".

Eta, Merinoren hitzetan, “lotsagarriena da Gobernuak murrizketa sozialak egiten dituen bitartean, aberatsenei zergak jaisten dizkiela”: azken hiru hilabeteetan, Fortuna Handien Gaineko zergaren diru-bilketa bi heren gutxitu da. 2015eko urtarrila eta martxoa bitartean, 1.154.000 euro jaso zituen Ogasunak. Aurten, aldiz, 366.000 euro. Hau da, %68aren jaitsiera diru bilketan. “EAJ-PSEk presio fiskala jaisten die bere lagun aberatsei. Bitartean, familia pobreei kentzen die duintasunez bizitzeko duten aukera bakarra. Hori da EAJ-PSEk eraiki nahi duen Gipuzkoa”.

Horregatik, EH Bilduk ekimenak aurkeztuko ditu Batzar Nagusietan Diputazioari eskatzeko baztertu dezala murrizketa sozialen bidea eta bermatu dezala diru laguntzen etorkizuna. “Murrizketen bidetik jarraitzen baduzue, aurrean izango gaituzue. Gai honekin eta, oro har, gizarte politikako gai guztiekin. Aldiz, laguntza sozialen hobekuntzaren bidetik jotzen baduzue, prest gaude elkarlanean aritzeko. Hau da, helburua prestazioari eustea bada, ahal dena hobetuz, jende gehiagorengan iristeko, bidean topatuko dugu elkar”, adierazi du Ernesto Merinok.