EH Bilduk ohartarazi du Gipuzkoako gizarte zerbitzuen kalitatea okerragotzen ari dela, bereziki, adineko pertsonei zuzendutako baliabideena. Egoera Diputazioa egiten ari den murrizketa sozialen ondorioa da, eta Gizarte Politikako Departamentuaren paralisiaren isla. Horregatik, EH Bilduk Foru Gobernuari eskatu dio berehalako neurri zehatzak har ditzan zerbitzuen okerragotze larria gelditzeko, besteak beste, mendekotasunaren balorazioan eta aldi baterako egonaldietan. EAJk eta PSEk, baina, uko egin diote baliabideak handitzeari.

EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok bi ekimen aurkeztu ditu gaur Batzar Nagusietan, Foru Gobernuaren inaktibitatea eta fundamentu eza onartezinak direlako eta kalte handia eragiten ari dietelako bai adineko pertsonei bai hauen zaintzaz arduratzen diren senideei: “Foru gobernu honen Gizarte Politika inaktibitatean eta inprobisazioan oinarritzen da. Beti hausnartzen, aztertzen eta atzeratzen. Hor ditugu, adibide moduan, AGI-a, Kabia edota Gizarte Zerbitzuen Maparen ez betetzeak”.

Ernesto Merinok azpimarratu du mendekotasunaren balorazioa egiteko itxaron epea %225 igo dela legealdi berriaren lehenengo 6 hilabetetan, 24 egunetik 54 egunetara pasaz. Horren ondorioz, mendekotasun balorazioa egiteko itxaron zerrendan, abenduaren 31ko dataz, 1.949 pertsona zeuden. EH Bilduko batzarkidearen hitzetan, egoera oso kezkagarria da, are gehiago, kontutan izaten badugu mendekotasunaren balorazioa gizarte zerbitzuetarako sarbidea dela, hau da, egin gabe dutenek ezin dutela inolako zerbitzurik eskatu.

Horregatik, EH Bilduk Foru Aldundiari exijitu dio “giza baliabide gehiago aktibatzea, hitzorduak emateko epeak jaisteko eta egungo itxaron zerrenda, 2000 pertsonaz osatutakoa, desagertzen joateko”. EAJk eta PSEk, baina, uko egin diote baliabideak handitzeari.

EAJk eta PSEk gizarte zerbitzuekiko duten konpromiso eza berriro geratu da agerian EH Bilduren hurrengo proposamenean, aldi baterako egonaldien zerbitzuaren hobekuntza eskatzen zuena, hain zuzen ere.

Programa horren bidez, adineko pertsonekin bizi diren familiei aukera ematen zaie, urtean zehar, zaintzen dituzten adineko pertsona horiek egoitza batean egonaldi laburrak egiteko. Egonaldien eskaerek gora egiten dute etengabe: 2010ean, 1.292; 2011ean, 1.384; 2012an, 1.570; 2013an, 1.622; 2014an, 1.884; 2015eko irailaren 30a arte, 1.626.

Aldi baterako egonaldiak egiteko plaza iraunkorrak 16 besterik ez dira, eta, Foru Aldundiaren idatzizko erantzun baten arabera, “garbi dago, horrela jarraitzen badu, egiten den eskaintzak ez duela beteko eskaria, beraz neurriak hartu beharko dira”.

Gabeziak ikusita, EH Bilduk proposatu du plaza kopurua bikoiztea 2017rako - Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Mapan onartu zen bezala - baina EAJk eta PSEk aukera hori blokeatu dute berriro ere, Gizarte Politikako Departamentuan dagoen paralisia konfirmatuz.

Bestalde, Batzar Nagusiek onartu dute gaur EH Bilduren eskaera Gipuzkoako esku-hartze sozialaren sektoreko sindikatuen agerraldia antola dezan, sektoreko lanhitzarmenaren negoziazioaren egoeraren berri eman dezaten.