Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanok uko egin dio prebarikazio eta agiri faltsutzegatik bere kontra jarritako salaketari buruzko azalpenak emateari gaur, Auzitegiak kereila tramitera onartuz epaileak autoa eman duela jakin den arren. “Markel Olano ikertua izaten ari da ustezko delitu oso larriengatik eta argibideak zor dizkigu gipuzkoarroi. Politikan aurpegia eman behar da, arduraz jokatu eta behar diren azalpen guztiak eman. Diputatu nagusiak ustezko ustelkeria auzi baten aurrean ostrukarena egitea oso kezkagarria iruditzen zaigu”, esan du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.

EH Bilduk Markel Olanoren agerraldi-eskaera aurkeztu zuen Batzar Nagusietan, presazko izaerarekin, komunikabideek publiko egin zutenean Donostiako 5. Instrukzio Auzitegiko epaileak tramitera onartu zuela 2009an Foru Diputazioko kide ziren bost pertsonen aurka jarritako salaketa. Horren arabera, epaitegiak ikertuko du prebarikazio eta agiri faltsutze deliturik ote zegoen Gipuzkako Aldundiak diskrezionalki egin omen zuen 6,4 milioi euroko zor barkamenean, eta beste 6 milioi euroko diru-laguntza zuzenean emateagatik.

Salaketa larria izan arren, diputatu nagusiak uko egin dio gaur Batzar Nagusietan azalpenak emateari, eta ordezko bat bidali du, Imanol Lasa diputatua, alegia. “Ordezkari politiko batek ostrukarena egitea oso portaera larria eta arduragabea da, are gehiago ustezko ustelkeria auzi baten aurrean gaudenean. Ezin dugu inola ere onartu iluntasuna, ezkutukeria eta norberaren ardurei ihes egitea. Argibide zehatzak eta gardentasuna exijitzen diogu diputatu nagusiari, eta aurpegia eman dezala”, adierazi du Xabier Olanok.

EH Bilduko bozeramailearen hitzetan, “Gipuzkoan Administrazio publikoen gardentasunaren aldeko eta ustelkeriaren kontrako oihu soziala dago, are gehiago, azken egunotan, Panamako Paperen aferarekin. Beraz, itzalerako eta susmorako tarterik ezin da egon. Bestela, behin eta berriro, huts egiten ari zaizkie herritarrei”.