Gaur EH Bilduko ordezkariek GHKko asanbladan ezezko bozka eman diote hondakinen kudeaketa pribatizatzeko planari, eta EAJ eta PSEri eskatu diete “ez dezatela utzi herritarren osasuna eta gure lurraldearen iraunkortasuna negozio pribatuen esku”. Josu Amilibia Tolosaldeako Mankomunitateko lehendakariaren hitzetan, errauste plantaren ustiapena 30-35 urtez ematea enpresa bati “pelotazo” bat da eta “legeari iruzur egitea”. Amilibiak, gainera, salatu du EAJ-PSEk uko egin diotela EH Bilduko ordezkariak Administrazio Kontseiluan eta erraustegia esleituko duen Kontratazio Mahaian egoteari: “Argi dago operazio hau gauzatzeko ez dutela lekukorik nahi”.

EAJk eta PSEk bere gehiengo osoa baliatu dute GHKko asanbladan Gipuzkoa osorako zaborren kudeaketa pribatua inposatzeko. Hori dela eta, hondakinen kontrol publikoa galduko dute bai Diputazioak bai mankomunitateek. Beraz, birziklapenean eta ‘zero zabor’ filosofian oinarritutako eredua bultzatu beharrean, hondakinak negozioa egiteko eta dirua irabazteko erabiliko dira herritarren zabor-tasaren kontura.

Josu Amilibiak salatu du EAJk eta PSEk operazio hau antolatu dutela, “jendearen osasunaren eta poltsikoaren kontura, gutxi batzuk negozioa egiteko. Gu ez gaude prest ‘pelotazo’ hau onartzeko, eta Gipuzkoako jendartearen gehiengoak ere ez”.

Beste alde batetik, Amilibiak ohartarazi du erraustegia egiteko GHKren estatutuak eta izaera bera aldatu dituztela, esplotazioa pribatua esleitu ahal izateko: “Markatutako joko arauak aldatzea suposatzen du horrek, legeari iruzur egitea da. Adibidez, Tolosaldeko Mankomunitatea, beste guztiak bezala, ez zen Kontsortzioan sartu zerbitzua pribatizatzeko”.
EH Bilduko ordezkariak esan duenez, “herritarren eskubideak eta interesak azken muturreraino defendatuko ditugu. Erraustegia Gipuzkoan ez da behar, osasunerako oso kaltegarria da, ez du konpontzen hondakinen arazoa, ez du babes sozial nahikorik eta, gainera, ehunka milioi euro esku pribatuetara pasatzeko erabili nahi dute”.