EH Bilduk berriro eskatu dio Foru Aldundiari ez dezala kendu Gipuzkoako 1.422 familia pobrek jasotzen duten Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBLAGI) eta baztertu ditzala pertsona behartsuen aurkako praktika eta diskurtso xenofoboak. Ernesto Merino batzarkidearen ustez, “Aldundia laguntza sozialen kontrako desprestigio kanpaina garbia egiten ari da, eta, horrekin, familia pobreen eta etorkinen aurkako klima sortzen ari da iritzi publikoan. Oso arriskutsua da Diputazioaren jarrera, eta gauza bat argi dago: DBL-AGI-a ez balego, esklusio gehiago egongo litzateke Gipuzkoan, familia pobre gehiago eta desberdintasun gehiago”.

EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, Gizarte Politikako diputatuak gaur Batzar Nagusietan aurkeztu duen txostena estrategia politiko baten barruan dago eta emaitzak aspaldi daude idatzita: “AGIa kentzearen erabakia aspalditik hartuta dauka eskuin abertzaleak, baina hipokresia ondo administratzen ere jakin behar da”. Beraz, murrizketak gauzatu ahal izateko iritzi publikoaren kontrakotasunik gabe AGIaren kontrako klima sortu nahi du Diputazioak, eta jendartea beldurtu dei efektuaren mamuarekin. Baina errealitatea oso bestelako da, esan dio Ernesto Merinok Gizarte Politikako diputatuari: “Badakizue Gipuzkoan etorkin kopuruak ez duela gora egin. Badakizue etorkin guztietatik oso gutxik kobratzen dutela diru laguntza hau, %5ak, gutxi gora behera. Badakizue 1.900 AGI-eskaera inguru atzera bota direla, eta, beraz, kontrol zorrotza dagoela. Baina ez dakizue AGIa gainetik nola kendu, eta helburu horri begira jarraitzen duzue argudio marotozaleekin”.

Merinok salatu duenez, Aldundiaren txostena ez da teknikoa, baizik eta politikoa, emaitza jakin batzuk bilatzen dituelako, eta ez dituelako ikertzen hainbat ikuspegi: “ez da azterketarik egiten pobreziaren aurkako borrokaren ikuspegitik, ez da hausnartzen zenbat murriztu den pobrezia laguntza honi esker, nola hobetu den ehunka ume pobreen babesa, nutrizioa...”.

EH Bilduren ustez, oso kezkagarria da Foru Gobernuak pobreziaren aurkako politikekin duen konpromiso eza. Horregatik, Merinok diputatuari eskatu dio “Diru laguntza honi eusteko, hobetzeko eta zabaltzeko ausardia”, murrizketa sozial etengabeak egin beharrean.