EH Bilduk Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olanoren agerraldi-eskaera aurkeztu du Batzar Nagusietan, presazko izaerarekin, prebarikazio eta agiri faltsutzegatik bere kontra jarritako salaketari buruzko azalpenak eman ditzan, Auzitegiak kereila tramitera onartu eta gero. “Diputatu nagusia ikertua izaten ari da delitu oso larriengatik eta egoera kezkagarria da gipuzkoar guztiontzat”, esan du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.

 Ahaldun nagusiak informazioa publiko ez egin arren, komunikabideen bitartez jakin dugu, martxoaren 10ean, Donostiako 5. Instrukzio Auzitegiko epaileak tramitera onartu zuela Iñaki Badiolak Markel Olanoren eta 2009an aldundiko kide ziren beste lau pertsonen aurka jarritako salaketa. Epaitegiak ikertuko du prebarikazio eta agiri faltsutze deliturik ote zegoen Gipuzkako Aldundiak diskrezionalki egin omen zuen 6,4 milioi euroko zor barkamenean.

EH Bilduko bozeramaileak azaldu duenez, “diputatu nagusiari leporatzen zaizkion delituak oso larriak dira eta gipuzkoarrok azalpen bat merezi dugu. Horregatik, argibide zehatzak eta gardentasuna exijitzen diogu Foru Gobernuari. Lehenik eta behin, diputatuaren agerraldia entzun nahi dugu, baina, beharrezkoa izanez gero, ez dugu baztertzen bestelako ekimenak bultzatzea”.