EH Bilduk bere kezka adierazi du gaur erraustegia eraikitzeko planaren inguruan dagoen iluntasunagatik eta Foru Gobernuaren informazio ezagatik. “Behin eta berriro galdetu arren, Ingurumen diputatuak ez ditu zehaztasunik eman. Ez du argitu nahi errauste instalazioaren eraikuntzak zenbateko kostua izango duen, finantziazio pribatua sartzea aurreikusten duen, herritarrei kobratzen zaizkien zabor tasak gehiago igoko dituzten ala zabortonaren kostua zenbatekoa izango den”, esan du Iban Asenjo batzarkideak. Zaborraren kudeaketaren pribatizazioaren inguruko kezka ere adierazi du.

EH Bilduk Ingurumeneko diputatuaren agerraldia eskatu behar izan du erraustegiari buruzko zalantzak argitzeko, foru arduradunak ez baititu behar bezala erantzuten idatziz egindako informazio eskaerak. “Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan diputatuari ahoz erantzuteko galderak egin arren, ez digu ezer argitu. EH Bilduren ustez, oso kezkagarriak da Aldundiaren ezkutaketa errauskailua eraikitzeko sortutako egitura ekonomikoaren inguruan”, esan du batzarkideak.

Iban Asenjok gogoratu du Zubietako planta egin ahal izateko, Gobernu berriaren lehen erabakia herritarrei zabor-tasak igotzea izan dela, hau da, “erraustetasa” bat ezartzea. Baina ez da azken igoera izango, erraustegia oso garestia baita eta horren eraikuntza denon artean ordaindu beharko dugu. Gainera, Diputazioak sekulako dirutza ordaindu behar dio Cantabriari hondakinak haraino eramateagatik hurrengo lau urteetan, erraustegia eraikitzen den bitartean.

Honen aurrean, alternatiba merkeagoa eta iraunkorragoa badagoela gogoratu du Iban Asenjok, eta Diputazioari gardentasuna eta hondakinen kudeaketa arduratsua eskatu dio.