Mendekotasunaren balorazio zerbitzuak okerrera egin du Gipuzkoan azken hilabeteetan. Ia 2.000 pertsona daude itxaron zerrendan eta, bataz beste, 54 egun itxaron behar dute Diputazioak balorazioa egiteko hitzordua emateko. Honek esan nahi du bataz besteko epea bikoiztu egin dela azken hilabeteetan. EH Bilduren ustez, egoera oso kezkagarria da. “Gizarte zerbitzuen kalitatea atzera egiten ari da Gobernu berriarekin modu oso larrian. Horregatik, Aldundiari eskatzen diogu berehala jar ditzala neurriak mendekotasuna duten pertsonei behar bezala artatzeko”, esan du Ernesto Merino batzarkideak.

Merinok azaldu duenez, Batzar Nagusietako EH Bildu taldeak eginiko galdera bati erantzunez, Foru Aldundiak aitortu du mendekotasun balorazioak egiteko hitzorduek atzerapen handia dute; zehazki, hitzordua eskatzen denetik jasotzen den arteko epea 24 egunekoa zen 2015eko lehenengo 6 hilabeteetan, eta 54 egunera pasa baita. “Egoera oso kezkagarria iruditzen zaigu, mendekotasun balorazioa edozein zerbitzu edota prestazio eskatzeko ezinbesteko baldintza baita. Beraz, balorazioa egin gabe dutenek ezin dute inolako zerbitzurik eskatu, ez egoitzarik, ez eguneko zentrorik, ez telelaguntzarik, ez zaintzarako prestazio ekonomikorik”, azpimarratu du batzarkideak.

Atzerapen hau ez da onargarria, horregatik, EH Bilduk ebazpen proposamen bat aurkeztu du gaur bertan Batzar Nagusietan, non Gipuzkoako Batzar Nagusiek Foru Aldundiari eskatzen diote mendekotasun balorazioen zerbitzuan giza baliabide gehiago sartzeko, azken hilabete hauetan sortu den eskaera pilaketari arrazoizko epe batean aurre egiteko, hitzorduak emateko epeak, gutxienez, erdira jaisteko; eta, gaur egun, 1.949 pertsona dituen itxaron zerrenda desagertzeko.

“Aurreko legealdia eskubide eta babes sozialaren legealdia izan zen. Krisi garai larrienetan ere, Diputazioak zerbitzu sozialen hobekuntzaren aldeko apustu garbia egin zuen eta, bereziki, mendekotasunaren arretarako zerbitzuetan”, adierazi du Merinok. Oraingo honetan, aldiz, Gizarte Politikak atzera egiten ari dira, pisua galdu dute aurrekontuetan eta okerrera doaz. Horregatik, EH Bilduko batzarkideak EAJri eta PSEri ohartarazi die: “Murrizketen bidetik jarraitzen baduzue, aurrean izango gaituzue. Aldiz, gizarte zerbitzuen hobekuntzaren bidetik jotzen baduzue, prest gaude elkarlanean aritzeko”.