EH Bilduk bere babesa adierazi die gaur Gipuzkoako Foru Aldundiaren politika antisozialen aurka kontzentratu diren hainbat eragile sozialei, eta bere kezka adierazi du Gobernua herritarrengandik gero eta urrunago dagoelako. Horregatik, Xabier Olano bozeramaileak EAJ eta PSEri eskatu die “entzun dezatela mugimendu sozialen aldarria eta gobernatu dezatela herritarrekin batera, eta ez herriari bizkarra emanez”.

Hamaika eragile sozial bildu dira Batzar Nagusietako atean - barruan Osoko Bilkura egiten ari zen bitartean- EAJ-PSEren politiken kontrako kontzentrazio bat burutzeko: Stop Kaleratzeak, IRPH Stop, pentsionistak, jubilatuak, Lanbideko kaltetuak, metroaren eta erraustegiaren aurkako plataformak, sindikatuak eta errepideetako langileak izan dira bertan, besteak beste, eta oposizioko batzarkideen babesa izan dute.

 

EH Bilduren ustez, oso kezkagarria da Gipuzkoan gertatzen ari dena: Diputazioaren ateak itxi dizkiete eragile sozialei, eta horren adibide oso adierazgarria izan dugu gaur, hainbat elkarte eta plataforma kalean kontzentratu direlarik. Helburu oso ezberdinak izan arren, herri eragilek indarrak batu behar izan dituzte salatzeko “diru publikoa zerbitzu publikoetara eta laguntza sozialetara beharrean, obra faraonikoetara bideratzen dela”.

Xabier Olanok azaldu duenez, gaurko kontzentrazioa “Markel Olanoren Gobernuaren bakardadearen isla da; EAJ-PSEk ez baitute herritarren eta beste alderdien parte-hartzean sinesten”. Izan ere, EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du “Gobernua behin eta berriz bere gehiengo osoaz baliatzen dela oposizioaren lana oztopatzeko. Gaur, adibidez, Diputazioaren jarduna kontrolatzeko Osoko Bilkurak egiteko aukera blokeatu dute, rodilloa pasaz eta gardentasunari muzin eginez”.

Xabier Olanoren hitzetan, “jakin badakigu gardentasuna bezalako hitz potoloak asko gustatzen zaizkiola Gobernuari. Baina gardentasunarekin konpromisoa hartzen denean, onerako eta txarrerako hartu behar da. Ezin da erabili autobonborako, argazkietarako, postureoa egiteko... eta, aldi berean, besteen ekimenak oztopatu, atzera bota, informazioa ezkutatu, ikerketa batzordeak saihestu eta gehiegikeriaz jokatu”.