EH Bilduk Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL) defendatu du gaur Gipuzkoako Batzar Nagusietan, eta Foru Gobernuari ohartarazi dio: “Murrizketen bidetik jarraitzen baduzue, aurrean izango gaituzue. Aldiz, laguntza sozialen hobekuntzaren bidetik jotzen baduzue, prest gaude elkarlanean aritzeko”.

Gizarte Politikako batzordea bildu da gaur Batzar Nagusietan. Bertan, EH Bilduko Ernesto Merino batzarkideak berriro eskatu dio Maite Peña diputatuari ez dezala kendu Gipuzkoako 1.400 familia pobrek jasotzen duten laguntza, baztertu ditzala praktika xenofoboak eta aintzat hartu ditzala Gizarte Langintzaren Elkargoak egindako azken kritikak. Merinok gogoratu du Aldundiak DBLri buruzko inkesta bidali ziela udaletako teknikariei, non izaera xenofobo argia zuten zenbait galdera. Horren aurrean, Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialak bere kezka adierazi zuen: “Guztiz modu zuzendu batean idatziak daude eta gure lurraldean bizi diren eta behar egoera batean aurkitzen diren pertsona etorkinentzako erabat ofentsiboak izan daitezkeela pentsatzen dugu”.

Merinok azpimarratu duenez, eragile sozialek diru-laguntza babestu arren, “EAJk ez du inoiz begi onez ikusi, eta Foru Aldundira itzuli denetik kolokan jarri du eta ez du argi esan zer asmo duen”. EH Bilduren ustez, EAJk estrategia bat jarri du abian Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza gainetik kentzeko. “Horrela baldin bada, murrizketen bidetik jarraitzen baduzue, aurrean izango gaituzue. Gai honekin eta, oro har, gizarte politikako gai guztiekin. Aldiz, laguntza sozialen hobekuntzaren bidetik jotzen baduzue, prest gaude elkarlanean aritzeko. Hau da, helburua prestazioari eustea bada, ahal dena hobetuz, jende gehiagorengan iristeko, bidean topatuko dugu elkar”, adierazi du Ernesto Merinok.

Bestetik, batzarkideak salatu du Donostiako Gobernuak Gizarte Kirol Txartelako erabiltzaileei instalazioak erabiltzeko ordutegia mugatu izana. Eragile sozialen presioari esker, Udalak atzera egin zuen, baina Merinoren ustez, “eskuin abertzaleak bilatzen duen herritarren arteko baliabide ekonomikoen araberako segregazioaren adibide lotsagarria da”.