Gipuzkoako Foru Aldundiak abeltzaintza ustiategiak bultzatzeko banatutako diru-laguntzak baserrien %10era bakarrik iristen dira, Diputazioak jarritako baldintzek nekazari txikiak diskriminatzen dituztelako. Izan ere, 527 baserriri besterik ez zaie iritsi subentzioa, 4.212 laguntzarik gabe gelditu direlarik. EH Bilduren ustez, Aldundiaren jokabidea kezkagarria da oso, nekazaritza sektorea krisira eraman dituzten akats berberak errepikatzen ari delako. Horregatik, kalitatean, dibertsifikazioan, eta elikadura burujabetzan oinarritutako nekazaritza iraunkorraren alde egin du EH Bilduk.

EH Bilduko batzarkide Judit Garciak abeltzaintza ustiategiak bultzatzeko MINIMIS erregimen barruan zabaldutako 2015eko laguntzari buruzko galderak egin dizkio gaur Landa Inguruneko diputatu Ainhoa Aizpururi. Emandako datuen arabera, Gipuzkoan dauden 6.211 ustiategietatik, 4.739k dute diru laguntza horrek onartzen duen abere motaren bat. Foru arduradunak aitortu duenez, baina, horietatik 527k bakarrik jaso dute subentzioa, baserrien tamainaren arabera banatzen direlako.

Judit Garcíak salatu duenez, EAJk nekazaritza intentsiboan eta industrialean oinarri duen eredua garatzen ari da, lehen sektorea krisira eraman duen eredua, alegia. EH Bilduren ustez, bada garaia diru publikoa diskriminatzaileak ez diren irizpideen arabera banatzeko; adibidez, bertatik bizi diren baserritarrak eta lanpostu kopuruak kontutan hartuz, eta ez baserriaren tamaina.

Bestalde, EH Bilduko ordezkariak Diputazioari eskatu dio nekazal-eremuan emakumearen papera sustatzeko neurri zehatzak har ditzan. Diputatuak aitortu du ez dagoela horrelakorik, baina Garciak gogoratu dio, gaur egun, sektore horretan ere genero arloan dagoen desberdintasuna murrizteko politikak bultzatu behar direla.

Azkenik, EH Bilduren ekimenez, Ekonomia eta Landa Inguruneko batzordeak aho batez onartu du Correscales korrikako antolatzaileak Batzar Nagusietara gonbidatzea, duintasunaren alde eta prekarietatearen aurkako ekimen horren berri emateko.