Gipuzkoako Foru Gobernuak gizarte zerbitzuekiko duen konpromiso eza berriro geratu da agerian gaur, Gizarte Politikako diputatuak Kabiari buruz egindako agerraldian. EAJ-PSEk urte beteko atzerapena iragarri baitute udal egoitzak kudeatzeko egutegian, prozesu guztia berraztertzeko aitzakiarekin. “Maniobra honen benetako helburua, Kabiaren prozesua izozkailuan sartzea da, gizarte zerbitzuetan dirua aurrezteko helburuarekin”, salatu du EH Bilduko batzarkide Ernesto Merinok.

Foru Gobernu berriarekin, Gizarte Politikako Departamentua “noraezean dabil” Ernesto Merinoren ustez, eta “inprobisazioa eta kudeaketa ezari, paralisia, atzerapenak eta murrizketa sozialak gehitzen zaizkio”. Horren adibide, Maite Peña diputatuak gaur iragarri duen porrota: Kabia proiektua aurrera eramateko ezgaitasuna, alegia.

Merinok gogora ekarri du aurreko legealdian, Aldundiak Kabia izeneko erakunde autonomoa sortu zuela, adinekoen 16 udal egoitzen kudeaketa pixkanaka bere gain hartzeko, Gizarte Zerbitzuen Legeak ezarritakoa betez. Prozesua hiru fasetan osatzeko egutegia aurkeztu zuen aurreko diputatuak. 2015ean, Azkoitia, Elgoibar, Villabona, Zumaia eta Lasarte-Oriako egoitzak bereganatuko zituen; 2016an, beste sei eta 2017-2018an, gainontzekoak.

Aurreko legealdian, Azkoitia, Elgoibar, Villabona eta Zumaiako eskualdaketak gauzatu ziren arren, EAJk prozesu guztia izoztu duela iragarri du gaur. Izan ere, Gizarte Politikako diputatuak ez du pausorik eman azken zortzi hilabeteetan, eta gaur esan duenez, kajoian sartuko du martxan zegoen proiektua.

Diputatuak, gainera, ez du erantzunik eman EH Bilduko batzarkideak egindako hainbat galderen aurrean. Hortaz, argitu gabe utzi du, adibidez, zein izango den udal egoitzetako langileen etorkizuna; noiz beteko den 2008rako legeak ezarritako egoitzen eskualdaketa edota zein izango den horretarako egutegia eta aurrekontua.