EH Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde berezi bat jarri dute martxan jaioterria utzi eta Gipuzkoara etorri behar izan duten herritarren egoera aztertzeko eta dituzten beharrak identifikatzeko. Ponentziako kideek lehen bilera izan dute gaur, eta bertan adostu dute 25 aditu eta eragile baino gehiago gonbidatuko dituztela batzordean parte hartzera. EH Bilduk horietako 16 proposatu ditu, pertsona migratzaileen errealitatearen ertz guztiak aztertu ahal izateko. “Sarraski humanitario baten aurrean gaude eta erakunde publikoak jarri behar ditugu lanean gaurtik hasita”, esan du Ainhoa Beola batzarkideak.

EH Bilduko ordezkariak azaldu duenez, “gatazka armatuetatik eta gatazka sozioekonomikoetatik ihes datozen pertsonen egoeraren diagnostikoa egitea ezinbestekoa da, aktibatu beharreko baliabide guztien inguruko hausnarketa sakona egitea eta etorkizunerako neurri egonkor eta integralak zehaztea”.

Horretarako, EH Bilduk hainbat eragileen agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, besteak beste, Sos Arrazakeria, Askapena, Palestinaren aldeko elkartea, Amnistia Internacional, Médicos sin Fronteras edo Cear. Era berean, EH Bilduren proposamenez, irekita utzi da pertsona gehiago gonbidatzeko aukera, errefuxiatuen egoera egunez egun aldatzen baita.

Bestalde, Beolak kritikatu du PPk talde txostengilean parte hartzeko aurkeztu dituen eragileen artean indar militar eta polizialak besterik ez daudela (Interpol, Estatu Espainoleko Segurtasun indarrak eta Eusko Jaurlaritzako Barne Saila).

Batzarkideak azpimarratu du sortutako ponentziak hiru helburu dituela: lehenik eta behin, informazioa eskuratu ahal izatea, kontutan izanda isiltzen ari den errealitate bat badagoela (emakumeen bortxaketak, desagertutako umeak, jipoiak internamentu zelaietan...). Bigarrenik, erakunde publikoak aktibatu behar ditugu, lanean jarri gaurtik hasita - jendea etengabe ari baita iristen - kuotetatik haratago bertan dugun errealitateari erantzuteko. Eta azkenik, gipuzkoarroi dagokigu arreta ematea, bere garaian gu artatu gintuzten beste lurraldeetan eta orain guri dagokigu jasotakoa itzultzea, bai instituzioen aldetik baita ere herritarren elkartasunaren bidez.