Gaur goizean ospatu den GHKren Asanbladan, EH Bilduren kideak hondakinak Kantabriara eramatearen aurka azaldu dira, “hori ez delako Gipuzkoak behar duen irtenbidea, ezta Zubietako errauste plantan hondakinak erretzea ere. Soluzioa birziklatzean, berrerabilpenean eta prebentzioan dago, eta orain arte EAJ-PSEko ordezkariek norabide horretan ez dute ezer aurkeztu, kontrakoa baizik.” Era berean, EH Bilduren ordezkariek pasa den legealdian Gobernu Foralak mahai gainean jarri zuen plan integrala balioan jarri dute, “errauste plantarik ez zuelako behar eta birziklapenean oinarritzen zelako”. Baina Markel Olanoren gobernuak, “beste alternatiba egingarririk eduki gabe”, indarrean zegoen plana baztertu duela salatu dute, “hondakin kudeaketa kaotikoa eraginez.”

Gaur goizean ospatu den Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren Asanblada Orokorrean, GHK S.A. eta MARE S.A Kantabriako zabortegiaren kudeatzailearen arteko aurreakordio eztabaidatu da. Bertan egongo diren EH Bilduko kideek oso gogor kritikatu dute akordioa, eta horren kontra eman dute botoa. Era berean, GHKk azkenaldian aldebakartasunez hartu dituen erabakiak salatu dituzte ere. Izan ere PSE eta EAJren ordezkariek gipuzkoarrei iruzur egin diete, hauteskundeetara “zabortegi zero” lemapean aurkeztu zirelako eta orain, gutxienez 2020 arte, irtenbide bakarra hondakinak zabortegietara eramatea izango delako, izan Kantabriara, izan Lapatxera, izan Epelera...

Egunero, lau urtez, 175 kilometrotara hondakinak eramatea ez da bideragarria, ez ekonomikoki ezta ekologikoki ere. Horregatik, EH Bilduk ezkutuko interesak ikusten ditu Kantabriako zabortegira eramateko MARErekin GHK-k sinatu duen aurreakordioan, beste aukera merkeagoak eta hurbilagoak egon badaudelako..

Beste aldetik, EH Bilduk GHKri eskatu dio, beste behin, Zubietako errauste plantaren proiektua baztertzeko, herrialdeari sekulako kalte ekonomikoak eragiten ari zaizkiolako, errauste plantak pertsonen osasunerako oso kaltegarriak direlako, Europako zuzentarau berrien eta Ekonomia Zirkularraren kontra doazelako eta, azken finean, zentzu komunaren aurkako irtenbideak direlako. Hitz batean, EAJ eta PSE Gipuzkoa hondamendira eramateko prest daude beraien obsesio politiko huts batengatik: Zubietako errauste planta.

Asanbladan, EH Bilduk EAJ-PSEren jokabidea salatu du, datorren lau urtetarako beste alternatiba bideragarririk eskuan izan gabe, aurreko legealdian indarrean sartu zen plana baztertzeagatik eta azken uneko neurri zentzugabeak hartzeagatik. Pasa den legealdian aurkeztutako plan integrala, berriz, askoz merkeagoa da, osasuntsuagoa, ez du erraustegirik behar, Europako Zuzentarau berriak eta Ekonomia Zirkularraren printzipioz betetzen ditu eta zabortegiak ixteko egutegia ezarria zeukan. Horren ordez, lau urtetako alternatiba zentzugabe bat aurkeztu dute, birziklapena ahaztuz eta prebentzio eta berrerabilpenerako planik aurkeztu gabe. Eta epe luzera EAJ-PSEk proposatzen duten alternatiba are okerragoa da, Gipuzkoak ez duelako errauste plantarik behar.