Gaur Gipuzkoako Batzar Nagusiek Espainiako Gobernu delegariaren kargua ezabatu dezatela eta euskal presoei aplikatzen zaien salbuespeneko kartzela politika eta zehazki sakabanaketa politikarekin amaitzeko eskatu diete egun hauetan Madrilgo Kongresuan Espainiako Gobernua osatzeko negoziaketetan ari diren ordezkariei, osatuko den Gobernu berriak aintzat hartzeko eskari gisara.

Ernesto Merinok, EH Bilduko ordezkariak, egun kargua betetzen duen Carlos Urquijo jaunak bere kargua bete duen urteetan “ez du inor bere erasoetatik kanpo utzi, izan eraso judizialak zein eraso dialektikoak” salatu du. Batzar Nagusiek, honen aurrean, Gobernu delegariaren erasoa jasan duten erakundeei babesa adierazi eta euskal erakunde demokratikoek jasaten dituzten erasoak gaitzetsi dituzte.

Horrez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiari Gure Esku Dago ekimenari dirulaguntza baliogabetzen dion sententziari helegitea ezarri diezaiola eskatu diote Batzar Nagusiek.

Merinok azpimarratu du “arazoa ez da Urquijo jauna bera, Gobernu-ordezkariaren kargua baizik”. Hori horrela, Batzar Nagusiek Estatu espainiarreko gobernuari Gobernu-ordezkari kargua ezabatzeko eskatu diote.

EH Bilduren iniziatibaz aurkeztutako ebazpena EAJren babesarekin onartu da.

Gipuzkoako BBNN presoen salbuespen neurriak amaitzearen alde

Gaurko Gipuzkoako Batzar Nagusietan ere euskal presoen eskubideen urraketaren aurkako adierazpena onartu da EH Bilduren iniziatibaz, Podemosekin erdibideko zuzenketa onartuz eta EAJren aldeko botoarekin. Judith Garcia EH Bilduko ordezkariak adierazi duenez egun oraindik ere “presoei eta senideei eragindako sufrimendu erantsia izugarria izaten ari da” eta “gaur egun euskal jendartea bakea eta bizikidetza aldarrikatzen ari den honetan, suntsiketa eta mendeku estrategia hau, ikuspegi politiko demokratikotik erabat zaharkituta geratu da”.