Gipuzkoako Foru Aldundiak azken muturreraino defendatu beharko luke Igeldotarrek hartutako erabaki demokratikoa. Horretarako, ezinbestekoa da errekurritzea Justizia Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexioaren inguruan kaleratutako epaia. “Sententzia hau albiste oso txarra da erabakitze eskubidean eta demokrazia parte-hartzailean sinisten dugunontzat. Gipuzkoako Foru Gobernua ezin da geldirik geratu. Horregatik, EAJri eskatzen diogu Igeldotarren erabakia aitor dezan, eta erabaki hori gauzatzeko pausuak eman ditzala”, esan du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.

Xabier Olanoren hitzetan, “Igeldon burututako herri kontsulta erabakitze eskubidearen adibide praktikoa, zilegia eta legala izan zen. Herritarrek ariketa demokratiko bikaina egin zuten eta emaitzak ez zuen inolako zalantza izpirik utzi: igeldotarrek udalerri bat osatu nahi dute”. Horregatik, ulertezina da Foru Aldundiak helegiterik ez aurkeztea Auzitegi Nagusiak Igeldoren desanexioaren inguruan hartutako erabakiaren aurrean”.

EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du “instituzioak, legeak eta arauak garai berrietara egokitzen direla etengabe. Beraz, borondate politikoa baldin badago, Igeldotarren erabakia gauzatu daiteke. Orain, argudio juridikoak ezin dira erabili aitzakia moduan, igeldotarrei erabakimena emateko borondate politikorik ez dagoela ezkutatzeko”.