Gipuzkoako Foru Gobernua motz geratzen ari da iruzur fiskalaren aurkako borrokan. Izan ere, EAJk berriro muzin egin dio gaur 100.000 eurotik goragoko zordunen zerrendak argitaratzeko eskaerari. “Zorrak borondatez ordaintzearen aldeko pedagogia egin behar dugu. Milioi bat eurotik gorako zordunetara mugatzen badugu publikatuko den zerrenda, eragin oso murritza izango du eta nekez lortuko dugu disuasio-neurri eraginkorra bilakatzea”, ohartarazi du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.

Gipuzkoako Ogasuneko diputatuak Aldundiari milioi bat eurotik gora zor dioten zergadunen zerrendak argitaratzeko ekimena aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan, Espainiako Estatuak hartutako erabakiari jarraituz. EH Bilduren ustez, gipuzkoarrokin zorretan dauden pertsona fisiko zein juridikoen datuak jendartearen aurrean argitaratzea norabide egokian emandako urratsa da, baina “iruzurgileekin zorrotzago jokatu behar dela” esan dio Xabier Olanok diputatuari.

Gipuzkoak ezin du Espainiako Estatua hartu eredu bezala, gure sistema fiskala askoz ere aurreratuago baita. Horregatik, publikatuko diren zorren muga jaistea eskatu du EH Bilduk, neurria benetan eraginkorra, hezitzailea eta prebentiboa izateko. EAJko diputatuak, baina, proposamena baztertu du.

Bestalde, Xabier Olanok salatu du Aldundiak, berriro ere, aldaketa fiskal bat egin izan duela dekretu bidez. Azken sei hilabeteetan, Foru Gobernuak hiru aldiz erabili du ohiz kanpoko formula hau, taldeei ekarpenak egiteko aukera ukatuz eta bere ahalmenak era desegokian erabiliz. EH Bilduren ustez, gainera, Foru Dekretu horrek hobekuntzak behar ditu, Aldundiak ez baititu kontrol neurririk aurreikusi Sozietateen Gaineko Zergan egiten diren aldaketetan.