EH Bilduk salatu du ‘Anoeta 4 Ordu’ kirol ekitaldia ez dela ospatuko 2016an. Antolatzaileek jakinarazi dutenaren arabera, Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren babes gabezia izan da arrazoi nagusia. Foru Aldundiak %87ko beherakada egin omen du bere ekarpenean. EH Bilduren ustez, onartezina da instituzio publikoek oztopatzea herri eragileen ekimenez antolatutako kirol ikuskizunak. Horregatik, ebazpen proposamen bat aurkeztu du Batzar Nagusietan ‘Anoeta 4 Ordu’ proba diruz babesteko eskatuz.

EH Bilduko batzarkide Jon Albizuk gogoratu duenez, ‘Anoeta 4 Ordu’ ekitaldia kirol eta kultur hitzordu gisa jaio zen. Txirrindularitza ardatz nagusi izanda, Euskal Herrian errotuak dauden beste ikuskizun batzuk ere eskaintzen zituen. Orain hitzordu hau desagertu egingo da instituzio publikoek ez diotelako babes ekonomikorik eskaini.

Albizuren ustez, ulertezina da Kirol eta Kulturako foru diputatu Denis Itxasok gure lurraldean antolatutako ekimenak oztopatzea eta horien desagerpena eragitea, are gehiago 2016an Donostia Europako Kultur Hiriburua izanda. Horrela gertatu da, adibidez, Kalostra Arte Eskolaren itxierarekin edo ‘Anoeta 4 Ordu’ probarekin .

Gipuzkoako Foru Aldundiak gipuzkoarrentzako eta bertako eragileen lanari esker antolatutako ekitaldiak bultzatu behar ditu. Horregatik, EH Bilduk Batzar Nagusietan ebazpen proposamen bat aurkeztu du Aldundiari, Eusko Jaurlaritzari eta Donostiako Udalari eskatuz babestu dezatela behar den moduan 2016ko ‘Anoetako 4 orduak’.