Donostiako alkate izandako Juan Karlos Izagirreri elkarrizketa egin dio Berriak. Alkatealdian bizitako esperientziaz hitz egiten du Izagirrek, politikaren argi eta ilunetaz: Udalera iritsita lehenengo ezintasuna alkate soldata (Izagirreren soldata bera) jeistea, politikako "joko zikina", azaleko gastuak murrizteko erabakia (dietak, bidaiak...), herritar xumeak eragile boteretsuen aurretik beti, partehartzea sustatzeko saiakera...

Hona hemen Berriako elkarrizketatik ateratako hainbat pasarte eta bideoa, osorik irakurri nahi izanez gero sartu hemen.



- Bildurentzat lehen ezintasun unea hautetsien soldata erabakitzean heldu zen: alkatearen soldata —gordinean urtean 80.000 eurokoa— laurden bat jaisteko proposamena egin zuen Izagirrek bozeramaileen batzordeko aurreneko bileran. Ezezkoarekin atera zen. «Oposizioa aurka atera zen, eta ohartarazi ziguten gu lehen egunetik koskabiloak ukitzen hastea bakarrik falta zitzaiela. Horrelaxe bota ziguten, gordin-gordin».

- Udalean aliaturik gabe jardun zuen Izagirrek eta, gainera, politikan «joko zikinarekin» topatu zen. Jende askok esaten zion «inozenteegia» dela politikarako, ezin zela horrela aritu. «Baina ni horrelakoa naiz: denei on egitera joaten naiz; agian, medikua naizelako izango da... Politikan, ordea, bakoitzak bere interesei begira jokatzen du, interes orokorra lehenetsi gabe. Bildu ez zen hala aritu, garbi jokatu zuen. Baten batek esaten badit besteen modura aritu ginela, haserretu egiten naiz. Betiko politikariek esaten zidatenean 'hau baita politika', haserretu egiten nintzen, eta erantzuten nien: 'Ez. Zuen politika da horrelakoa. Gurea alderantzizkoa da'».

- Proiektu politikoari eusteko asmoz, murriztu zitekeen gastu publiko mota bat murriztea zen Bilduren udal gobernuaren xedeetako bat. «Hasteko, azaleko gastu batzuk kentzen hasi ginen; bidaiak, dietak eta halakoak. Segituan, urte baterako bi milioi euro aurreztu genituen, aurreko kopuruaren erdia». Izagirrek dio jatetxeetako arduradunek ere nabaritu zutela aldaketarik: «Bazkariak, ofizialak ez zirenak, bakoitzak bere poltsikotik ordaintzen genituen, eta jatetxekoak harrituta geratzen ziren gurekin, faktura ez genielako eskatzen».

- «Herritar xumeak» ziren harentzat lehentasun, «ez eragile boteretsuak», solasaldian behin baino gehiagotan aitatu duenez. «Adibidez, udaletxean ate-joka ari direla militarrak gauza bat eskatzeko? Ilarara. Finantza erakundeak ate-joka zirela? Haiek ere, ilarara. Bulegoetan nahiago genituen herritarrak, banketxeak-eta baino».

- Datu bat nabarmendu du Izagirrek: urtean auzoetan berrehun bileratik gora egiten zituen gobernuak. «Gu ez gindoazen argazkiaren bila». Dena dela, parte hartzeari buruzkoa da hark egiten duen autokritika nagusia. «Eredua ez genuen nahi bezainbeste finkatu eta garatu. Indar handiagoa egin behar genuen».