EH Bilduk gogor salatu du Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jokabidea eta Euskal erakundeen autonomiaren aurkako eraso etengabea. Koalizioak berretsi du aurreko legealdian Foru Gobernuak Gure Esku Dago herri mugimenduari emandako diru-laguntza legezkoa dela, eta defendatu du erabakia zilegitasun osoz hartu zela Batzar Nagusietan. “Euskal Herrian hartutako erabaki demokratikoen usurpazioari erantzun tinkoa eman behar zaie eta euskal gizartea ordezkatzen ez duen figura anakronikoa eta antidemokratikoa arbuiatu”.

2014ko ekainean, Gure Esku Dago erabakitzeko eskubidearen aldeko mugimenduari 100.000 euroko diru laguntza eman zion Gipuzkoako Foru Aldundiak. Horren kontrako salaketa ere jarri zuen Estatuaren abokatuak. “Euskara, euskalgintza, naziogintza eta, oro har, euskal kutsua duen guztia jomugan hartua du Carlos Urquijok. Euskal erakundeen autonomiaren aurkako eraso etengabea pairatzen ari gara eta egoera jasanezina da. Euskal erakundeen erabakitzeko gaitasuna murriztu nahi du Urquijok, euskal erakundeen nortasunari kalte egiten dion kudeaketa eredu bat inposatu nahian.

Horregatik, EH Bilduk gogor salatu du Carlos Urquijo Espainiako Gobernuaren ordezkariaren jokabidea, Espainiako Gobernuak Erkidegoan duen ordezkaria gaitzetsi eta figura horren desagerpena eskatu du. EH Bilduk, gainera, Gure Esku Dago herri ekimenari bere sostengua eta babes osoa adierazi dio.