EH Bilduk aurkeztutako - eta Podemos-ekin adostutakoUstelkeriaren Kontrako Ituna blokeatu egin dute gaur EAJ, PSE eta PPk Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Ainhoa Beolak azaldu duenez, “Administrazioaren gardentasuna bermatzeko, politikarien pribilegioak ezabatzeko eta ustelkeria zantzuak ikertzeko ekimen baten kontra bozkatu dute Foru Gobernua sostengatzen duten alderdiek, PPren laguntzarekin. Kargu publiko batek jarrera hau izatea onartezina da, eta horrela, behin eta berriro, huts egiten ari zaizkie herritarrei”.

EH Bilduren ustez, erakunde publikoak ordezkatu eta kudeatzeko garaian ezin bestekoa da gardentasuna eta interes publikoa nagusi izatea; kargu publikoa edo informazio pribilegiatua norberaren xedeetarako ez erabiltzea; Administrazioko kontratazioetan publizitate eta konkurrentzia printzipioak bermatzea, gastu publikoaren kontrol zorrotza... Horregatik, Ustelkeriaren Kontrako Itun bat sinatzea proposatu du koalizioak Batzar Nagusietako Osoko Bilkura, besteak beste, iruzurgileek kargua uzteko beharrarekin eta ustelkeria kasuengatik inputatutako ordezkari publikoak erretiratzeko konpromisoarekin.

Podemos-Ahal dugu taldeak eta EH Bilduk konpromiso hauek gauzatzeko testu bat adostu dute, baina ekimenak ez du egin aurrera atera Osoko Bilkuran EAJ, PSE eta PPren blokeoa jaso duelako. “Honek guztiak, herritarren politikarekiko interesik eza, erakunde zein ordezkari publikoekiko konfiantza falta eta gure bizitzako funtsezko gaietan erabakiak hartzeari buruzko interes eza elikatzen dute nabarmen”, salatu du Ainhoa Beola batzarkideak.

Bestalde, EH Bilduk Osoko Bilkurara gonbidatu ditu Sideor-Gerdau enpresako langileen ordezkariak eta, elkartasuna adierazteaz gain, planta produktiboen deslokalizazioaren politika gaitzesteko proposamen bat aurkeztu du.

Bertan, Eusko Jaurlaritzari zein Foru Aldundiari enpresei ematen zaizkien laguntza guztietan baldintza sozialak ezartzeko eskatu du Judit Garcia batzarkideak, honen bidez enplegua eta lan baldintzak mantentzeko, enpresa ez deslokalizatzeko eta negoziazio kolektiboa bermatzeko. EAJ-PSEk, aldiz, bere gehiengo osoa erabili dute berriro ekimena atzera botatzeko eta neurri konkreturik gabeko testua adosteko.