EH Bilduk berriro eskatu dio Foru Aldundiari ez dezala kendu Gipuzkoako 1.400 familia pobrek jasotzen duten Diru-sarrerak Bermatzeko Laguntza (DBL), baztertu ditzala praktika xenofoboak eta aintzat hartu ditzala eragile sozialek egindako azken kritikak. Ernesto Merino batzarkidearen hitzetan, “oso deigarria da Gizarte Langintzaren Elkargoak Maite Peña diputatuari zuzendutako idatzia – gaur argitaratuta – diru-laguntza hori defendatuz eta Diputazioak egin duen galdeketa salatuz”. Horregatik, EH Bilduk diputatuaren agerraldia eskatuko du jakiteko ea Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza kolokan jarraitzen duen ala iritziz aldatu duen elkargoaren idatzia jaso eta gero.

Abenduaren 10an, EH Bilduk salatu zuen EAJk “estrategia Marotozale” lotsagarria jarri duela abian Diru-Sarrerak Bermatzeko Laguntza gainetik kentzeko. Hain zuzen ere, Aldundiak ebaluaketa bat bidali zien udaletako teknikariei, non izaera xenofobo argia zuten zenbait galdera erantzuteko eskaera egiten zitzaien.

Gaur, komunikabide baten bitartez jakin dugu Maite Peña diputatuak antzeko kritika jaso duela Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialetik. Elkargoak, Diputazioan erregistratutako idatzian, honako hau adierazten du: “Galdeketa honetan, bereziki lehen hiru galderak aurkitzea harritu gaitu, guztiz modu zuzendu batean idatziak daudelako eta gure lurraldean bizi diren eta behar egoera batean aurkitzen diren pertsona etorkinentzako erabat ofentsiboak izan daitezkeela pentsatzen dugu”. Gainera, aipatzen du “moduak ez direla egokiak izan” eta, aldi berean, DBL-a defendatzen du: “Beharra duten pertsona eta familiei oinarrizko diru-laguntza bat izatea bermatzen die, laguntza hau gabe ezingo bailukete bizi iraun edo duintasunez bizi”.

Hori guztia kontutan hartuta, EH Bilduk EAJko diputatuaren agerraldia eskatuko du argitu dezan DBL-aren etorkizuna. Merinok, gainera, Maite Peñari eskatu dio “baztertu dezala murrizketa sozialen bidea, bermatu dezala diru laguntzen etorkizuna eta aintzat hartu dezala Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialeko profesionalek eta hainbat eragile sozialek egiten duten eskaera”.