EH Bilduren ekimenez, Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde berezi bat sortuko dute jaioterria utzi eta Gipuzkoara etorri behar izan duten herritarren egoera aztertzeko eta dituzten beharrak identifikatzeko. Ainhoa Beola batzarkideak azaldu duenez, “egoera asko eta oso ezberdinak daude, bana puntu komun batekin: inork ez duela bere sorterria uzten oinarrizko egoera oker bat hobetzeko ez bada, eta bidaia fisiko eta emozional horretan sortzen diren oztopoak ugariak izaten direla. Gure ustez, egoera horien guztien diagnostikoa egitea ezinbestekoa da, aktibatu beharreko baliabide guztien inguruko hausnarketa sakona egitea eta etorkizunerako neurri egonkor eta integralak zehaztea”.

EH Bilduren proposamena Batzar Nagusietako Bizikidetzaren eta Giza eskubideen batzordean onartu da gaur, aho batez. Bi hilabeteko iraupena izango du (luzagarria) eta, jatorrizko proposamena zabalagoa bazen ere, gatazka armatuetatik ihes datozen pertsonetara mugatu dute EAJ-PSEk. “Gatazken atzetik, arrazoi sozioekonomikoak eta eskubide zibilen apurketa dago, beraz, hori ere kontenplatu behar dugu”, esan du Beolak. Gainera, ohartarazi du kuoten sistemaren eraginez, migrazioaren deshumanizazioa ematen ari dela: “Administrazioak kuotetara mugatzen baldin bagara, pertsona asko utziko ditugu linbo batean, zeren eta jakin badakigu egunero iristen ari direla ihesean datozen herritarrak, eta horientzako ere neurriak aktibatu behar ditugu”.

Jaioterria utzi eta Gipuzkoar lurraldera etorri behar izan duten herritarrek bizitako prozesua ezagutzeko, egun bizi duten egoera orokorra eta dituzten beharrak identifikatzeko, eskaini beharreko baliabideak zehaztu eta dauden egoera ezberdinak aztertzeko, kolektibo hauekin lan egiten duten dozena eragile Batzar Nagusietara gonbidatzea proposatu du EH Bilduk.

Bestalde, talde-txostengilearen eraketa onartu den batzorde berdinean, EH Bilduk proposatu du Foru Aldundiari eskatzea bi hilabeteko epean aurkez dezala migrazioa eta aniztasunari buruzko politika foral publikoen plangintza, eta hari egokitutako lankidetza zein koordinaziorako plan estrategikoa. EAJk eta PSEk, baina, bere gehiengo osoaz baliatu dira ekimen hau blokeatzeko. “Guztiz kontraesankorra da Diputazioak bere ardurari uko egitea Batzar Nagusiek ponentzia bat sortzea adosten duten egunean”.