GHKren egoera ekonomiko larria eta pilatutako defizita erraustegia eraikitzeko egindako zorpetzearen ondorio zuzena da, eta ez inondik inora EH Bilduren kudeaketaren ondorioa. Zentzu honetan, EH Bilduk argi adierazi nahi du errauste plantarekin itsutzeak ez diola inolako onurarik ekarriko Gipuzkoari eta aldiz kalteak gipuzkoar guztiok jasan beharko ditugula. Hala, EH Bilduk hondakinen kudeaketarako ekonomikoki eta baita ingurumenari dagokionean ere bideragarriagoak diren proiektuak defendatu eta errauskailuari ezetz esaten jarraituko duela argi adierazi du, berriro ere garbi esanaz GHKren zorpetzea errauste plantaren eraikuntzaren ondorio zuzena dela eta beraz Markel Olano eta bere gobernua direla horren arduradun nagusiak.

GHKren zorra 2011an Markel Olanoren gobernuak erraustegiaren eraikuntza blindatzeko azken orduan sinatutako SWAP neurrigabekoen eraginez sortu zen. Hortaz, EH Bilduren errua dela esatea gezurretan aritzea da. Izan ere, aurreko legealdian planta gelditzeari esker zorra murriztu zuen GHKk, beraz, Markel Olanoren gobernuak hasieratik zuen proiektuarekin aurrera jarraituz gero egungo egoera are okerragoa litzateke.

EH Bilduk ohartarazi du erraustegia eraikitzeak porrot ekonomikora eramango dituela bai Gipuzkoako udalak eta baita Foru Aldundia ere. Azpiegiturak Diputazioaren inbertsio ahalmena hipotekatuko du eta mankomunitateen fakturak izugarri igoko ditu. Ondorioz, beti bezala, herritarrak izango dira gehiago ordaindu beharko dutenak, erraustegiaren zorra estali beharko dutenak. Horregatik, EH Bilduk eskua luzatu dio beste behin Foru Gobernuari hondakinen kudeaketarako eredu sostengarriagoa eta merkeagoa adosteko.

Duela lau urte, EH Bilduk errauste pantaren eraikuntza geldiaraztea erabaki zuen, beharrezkotasun eta ingurumen arrazoiez harago, arlo ekonomikoan ere, aurrekontu publikoentzat izugarrizko zama bilakatuko zela aurreikusita. Hori hala, EH Bilduk eredu sostengarriagoa aurkeztu zuen, Europako arauetara egokitua eta errauste plantaren inbertsio erdia baino gutxiago eskatzen duena.

Orain, EH Bilduk aurkeztutako proiektua baztertu eta berriro ere errauste plantaren eraikuntzarekin itsutu da Diputazioa. Ondorioa: diru beharrari aurre egiteko, mankomunitateen ekarpena %20 igo nahi du kontsortzioak, eta horrek zuzen-zuzenean eragingo du herritarrek ordaintzen dituzten hondakinen zergetan.

Guzti honetan zerbait argi badago hurrengoa da: errauste planta egiteko sortu zuten sare juridiko, ekonomiko eta instituzionala garesti irten zaigu gipuzkoarroi eta are garestiagoa irtengo zaigu EAJ-PSEk errauste planta egiteko erabakiarekin aurrera jarraitzen badute.

Gainera, Diputazioak erraustegiaren zorra bere gain hartu beharko du, eta horrek eragina izango du Egonkortasun Legearen eta gastu sabaiaren betetzean. Foru Administrazioaren egoera ekonomiko-finantzarioa kolokan jarriko du eta instituzioaren egonkortasuna desorekatu.

Izan ere, datorren hiru urteetan 84,4 milioi euro inbertitzea aurreikusi du Diputazioak, eta horrek Gipuzkoako inbertsio ahalmena hipotekatuko luke, beste behar batzuetara bideratutako baliabideak ere jango dituelako eta, besteak beste, gizarte zerbitzuetan murrizketak egitea ekarri dezake.