EH Bilduk ohartarazi du erraustegia eraikitzeak porrot ekonomikora eramango dituela bai Gipuzkoako udalak eta bai Foru Aldundia. Azpiegiturak Diputazioaren inbertsio ahalmena hipotekatuko du eta mankomunitateen fakturak izugarri igoko ditu. Beraz, beti bezala, herritarrek ordaindu beharko dute gehiago. Horregatik, eskua luzatu dio Foru Gobernuari hondakinen kudeaketarako eredu sostengarriagoa eta merkeagoa adosteko.

Ingurumen diputatuak Batzar Nagusietan berretsi du errauste planta eraikitzeko erabakia, baina aitortu behar izan du aurreikusitako azpiegitura handiegia zela eta proiektua birmoldatu behar izan dutela. Hala eta guztiz ere, EH Bilduko bozeramaile Iban Asenjok salatu du erraustegiak 250 milioi eurotik gorako inbertsio publikoa behar izango duela, eta horrek kolokan jarriko du bai udalen bai Aldundiaren egoera ekonomiko- finantzarioa eta instituzioaren egonkortasuna desorekatu. Diputatuak, aldiz, “ez du datu ekonomikorik eman, ezta erraustegiari buruz egindako prognosiaren txostenik banatu batzarkideen artean. Berriro ere informazioa ezkutatzen digute”, esan du batzarkideak.

EH Bilduko ordezkariak diputatuari gogoratu dio aurreko legealdian errauste pantaren eraikuntza geldiarazi zela arlo ekonomikoan ere izugarrizko zama zelako aurrekontu publikoentzat, eta gain dimensionatuta zegoelako. Horren ordez, EH Bilduk eredu sostengarriagoa aurkeztu zuen, Europako arauetara egokituta, eta errauste plantaren inbertsio erdia baino gutxiago eskatzen duena.

Asenjoren ustez, gainera, Gobernuak gaur aurkeztu duen prognosia “neurriz kanpo dago berriro ere, gain-dimensionatuta. Gobernuak birziklapenean oinarritutako ereduari uko egiten dio eta gero eta zabor gehiago erre nahi du, labeak elikatzeko”