Beola: “Asko dira LGTBI mugimenduetatik nerabe eta gazteekin lanean dabiltzanak eta ez da zilegizkoa Foru Gobuernuak lanketa horri ez erantzutea”

EH Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietan salatu du Foru Aldundiak ez dituela LGTBI gazteei zuzendutako plangintzak sustatu nahi. EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak azaldu duenez, lehengo astean, koalizioak Kultura, Gazteria, Turismo, Kirola eta Lankidetza batzordean Gobernuari eskatu zion hiru hilabeteko epean LGTBI haur eta gazteen autorrekonozimendua, autoestimua, enpoderamendua eta parte hartze publikoa zein politikoa bideratzeko plangintza bat aurkeztea. Gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk, ordea, proposamenaren aurkako bozka eman zuten. EH Bilduren ustez, “larria da” jeltzale eta sozialisten agerian jarri duten jarrera.

Beolaren ustez, “benetan larria da Foru Gobernua osatzen duten alderdiek kontrako bozka ematea plangintza espezifiko bati eusteko, elkarte eta eragileak plangintzen baitan lanean dihardutenean, edo hezkuntza komunitatetik horren eske dabiltzanean,”.

EH Bilduko bozeramaileak gogoratu du “arau heterosexualetik kanpo dauden gazteenek beraien baloreak, sozializazioa, afektibitatea, sexualitatea egonkortzen” ari diren garaian, “presioak” eta “askatasun falta” jasateko arrisku larria dute jendarte edo familiaren aldetik, eta baita “jazarpenak ere”. “Askotan, bakardadea eta bazterkeria pairatzen dute”, aditzera eman du Beolak. “Ezin dugu ulertu EAJ eta PSEren erabakia gai honetan”, esan du Beolak eta gaineratu du “oso larria” dela “giza eskubideen defentsa egiten duela eta plangintzak ezinbestekoak direla dioen Gobernu batek, etorkizuneko Gipuzkoa anitzagoa eta bizikidetuagoa eraikitzeko planifikazioari uko egitea”. “Asko dira LGTBI mugimenduetatik nerabe eta gazteekin lan egiten dutenak; ez da zilegizkoa Foru Gobuernuak lanketa horri guztiari bizkarra ematea”, adierazi du Beolak.

Horregatik, EH Bilduk Foru Gobernuari eskaera argi bat egin dio: bere erabakia berriz pentsatu dezala eta proposatutako plangintza “lehen bait lehen” martxan jar dezala.