Gipuzkoako Batzar Nagusiek atzera bota dituzte gaur EH Bilduk eta Podemosek Foru Gobernuaren Aurrekontu Proiektuari aurkeztutako Osoko Zuzenketak. Horrela, EAJk eta PSEk murrizketak ekarriko dituzten Aurrekontuekin aurrera jarraitzea erabaki dute, eta muzin egin diote Aurrekontu sozialak negoziatzeko EH Bilduk egindako eskaintzari.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanoren ustez, Gipuzkoako Foru Gobernuak 2016rako aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten; murrizketa sozialak aurreikusten ditu eta Diputazioaren inbertsio ahalmena hipotekatzen du erraustegia finantzatzeko. Gainera, garapen ekonomiko iraunkorrerako planteamendu osoa eta integrala falta zaio; zerga sistemak progresibitatea galdu du eta aurrekontu parte-hartzaileak desagertu egin dira.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk Aurrekontuei “180 graduko biraketa soziala” emateko proposamena egin zion Markel Olanori, Gipuzkoan dauden bi indar nagusien artean adostasunetara iristeko borondatearekin. “Abenduaren 3an, eskua luzatu genion diputatu nagusiari: bost puntutan oinarritutako proposamen bat aurkeztu, negoziaketarako jarrera irekia adierazi eta Osoko Zuzenketa erretiratzeko eskaintza ere egin genion. Atzo arte ez genuen erantzunik jaso. Ez baiezkorik ez ezezkorik. Atzo gauean jasotako erantzunaren arabera EAJk ez omen du handirik ikusten bost gai nagusienetan hurbiltze eta akordioak emateko aukera”, esan du EH Bilduko bozeramaileak. "Borondate edo lehentasun kontua dela uste dugu. Eta borondaterik ez badago nekez lor daitezke akordioak. Horrexegatik, gure osoko zuzenketak indarrean jarraitzen du, akordioak lortu bitartean".


Beraz, jarrera inposatzailea eta itxia erakusten du momentuz ere Diputazioak, eta gizarte partaidetza eta eragile politiko eta sozialak kontuan hartu gabe aurrera jarraituko du aurrekontu antisozialekin.

Horren ondorioz, ongizate sistemak atzera egingo du gure Lurraldean, zeren eta gizarte politiken gainbehera benetan larria da. Departamentu honek pisua galdu du Aurrekontuetan Foru Gobernuak ez dituelako irekiko Gizarte Zerbitzuen Mapan ezartzen diren plaza berriak, eta ez dituelako babestuko egoitzetako 4.800 langileen lan baldintzak.

Aldiz, errauskailua finantzatzeko 84 milioi euro bideratuko dira hurrengo hiru urteetan, Aldundiaren inbertsio ahalmena hipotekatuz.

Gainera, Gipuzkoan lanpostu gehienak mantentzen dituzten enpresa txiki eta ertainei ez zaie irtenbiderik eskaintzen, eta tokiko garapenaz ahaztu egiten da Gobernua.