EAJk estrategia Marotozale lotsagarria jarri du abian Gipuzkoan, Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza gainetik kentzeko. Hain zuzen ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak ebaluaketa bat bidali die udaletako teknikariei, non izaera xenofobo argia duten zenbait galdera, laguntza honi buruzkoak, erantzuteko eskaera egiten zaien modu manipulatzailean, interesatzen zaizkien erantzunak bilatuz. “Eskuin abertzaleak, eskuin guztiek bezala, populismo eta xenofobia praktikatzen du. Marotoren eskutik joatea erabaki du. Eta DBL kentzeko mugimendua modu ilun eta ezkutuan egitea erabaki du, horren ardura udal teknikarien bizkar jarriz eta eztabaida politikoari ihes eginez”, adierazi du Ernesto Merino EH Bilduko batzarkideak, gaur goizean Ana Karrere Andoaingo alkatearekin eta Naiara Sampedro Donostiako zinegotziarekin batera eskainitako prentsaurrekoan.

2011ko bukaeran Eusko Legebiltzarrak Gizarteratzeko eta Diru Sarrerak Bermatzeko legea murriztu egin zuen, Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta Etxebizitzaren osagarria jaso ahal izateko errolda betebeharra urtebetetik hiru urtera luzatu baitzuen. Aurreko Foru Aldundiak, murrizketa sozialik gabeko konpromisoari eutsiz, 2012an prestazio sozial bat jarri zuen martxan Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzak sustatutako murrizketa horrek bazterketa egoeran utzi zituen herritarrei arreta eskeintzeko asmoz: Diru Sarrerak Bermatzeko Laguntza izenekoa. Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako borrokan engaiatutako elkarte eta erakundeek begi onez ikusi zuten ekimen hura.

“EAJk, ordea, ez du inoiz begi onez ikusi prestazioa hori, eta Foru Aldundira itzuli denetik ez du argi esan zer asmo duen, nahiz eta EH Bilduk, Batzar Nagusietan, behin baino gehiagotan galdetu duen horretaz. EAJk ez daki nola kendu gainetik DBL, eta orain estrategia Marotozalea martxan jartzea erabaki du”, azaldu du Ernesto Merinok.

Hain zuzen ere, Foru Aldundiak, posta elektronikoz, ebaluaketa bat bidali die Gipuzkoako udaletako teknikariei; ez arduradun politikoei, baizik eta soilik udal teknikariei. Ebaluaketa horretan, izaera xenofobo argia duten zenbait galdera erantzuteko eskaera egiten zaie teknikariei.

Hona hemen galdera hauetako batzuk:

  • “Gaur egun, uste duzu DBLk balio duela Gipuzkoan bizi diren eta pobrezia egoeran dauden pertsonen egoera hobetzeko? Edo uste duzu Gipuzkoara datozen pertsona etorri berriei bakarrik laguntzen zaiela?”
  • “Uste al duzu DBLk “dei-efektua” duenik? Uste duzu eskatzaileak Gipuzkoara etorri direla DBL dagoelako?”
  • “Uste duzu DBL kentzen bada familia asko babesgabetasun egoeran eroriko direla? Edo uste duzu, besterik gabe, migrazio-fluxuak murriztuko direla Gipuzkoan bizi diren pertsonengan eragin negatiborik izan gabe?”

“EAJri gogorarazi behar diogu DBL kobratzen duten pertsonek urtebete eta hiru urte bitartean egon behar dutela Gipuzkoan erroldatuta eta bertan bizitzen; beraz, onartezina da etorri berritzat jotzea, Gipuzkoan bizi diren pertsonatzat ez hartzea, pobrezia egoeran daudela zalantzan jartzea edota dei-efektuekin zein migrazio fluxuekin lorura interesatua egitea. Eskuin abertzaleak, eskuin guztiek bezala, populismo eta xenofobia praktikatzen du. Marotoren eskutik joatea erabaki du. Eta DBL kentzeko mugimendua modu ilun eta ezkutuan egitea erabaki du, horren ardura udal teknikarien bizkar jarriz eta eztabaida politikoari ihez eginez”, esan du Merinok.

EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, EAJk 1.400 elkarbizitza unitate utzi nahi ditu erabateko bazterketa sozialean, kale gorrian; gutxi gora behera, 2.500 pertsona inguru. “Eta horretarako aitzaki xenofoboak erabiltzen ditu, etorkizun hobe baten bila gurera etorri eta gure artean bizi diren eta egoera ekonomiko txarraren eraginez, DBL eskatu behar izan duten pertsonek zerbait txarra egin izan balute bezala tratatuz eta susmopean jarriz”.

Hori guztia dela eta, EH Bilduk Gizarte Politikako foru diputatu Maite Peña andrearen presazko agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan eta interpelazio bat ere aurkeztu du Donostiako Udalean.