Gaurko Batzar Nagusietako Plenoan EH Bilduk aurkeztuta eta EAJrekin erdibidekoa adostuta burujabetzaren eta Kataluniak abitatutako prozesuaren aldeko bi puntuko ebazpena onartu da. EH Bilduren ustez Euskal Herrian ere indarrak batzeko garaia iritsi da, hemen ere deskonexio prozesua abian jarri eta erabakien jabe eginez aurrera urratsak emateko.

Ebazpenarekin, batetik BBNNek Kataluniako Parlamentuan hasitako deskonexio prozesu politikoa onartu, errespetatu eta babesten dutela adierazi dute, herriaren gehiengoak adierazi duen borondate demokratikoaren ondorio dela azpimarratuz. Bestetik Batzar Nagusiek uste dutela Euskal Herrian ere herritarren gehiengoaren borondate demokratikoak agindu behar duela herriaren etorkizunean, eta printzipio horretan oinarrituta erabakitzeko eskubidearen ariketa gauzatu ahal izan dadin, prozesu politikoa abian jartzeko aukera landu behar dutela herriordezkariek, elkarrekiko begirunean eta elkar aditzean oinarrituta kohesio soziala eta adostasun politikoa bilatuz.

Ernesto Merinok EAJrekin lortutako adostasuna positiboki baloratu du eta herritarren erabakia errespetatzen ez duten alderdien eta errespetatzen dutenen arteko ezberdintasun agerikoa salatu, demokraziaren eta demokrazia ezaren arteko aldea nabarmenduz.