EH Bilduk Gipuzkoako 2016ko Aurrekontuak adosteko eskua luzatu dio gaur Foru Gobernuari, diputatu nagusiarekin izandako bileran. Xabier Olano bozeramailearen hitzetan, “bilera positiboa izan da eta, gure ustez, herrialdeak aurretik dituen erronkei aurre egiteko, Gipuzkoan dauden bi indar nagusien arteko akordioa behar dugu, hau da, EAJ eta EH Bilduren artekoa. Hori da herritarrek eskatzen digutena. Epe luzera begirako akordioa izan behar du, egonkortasuna eman behar diegulako gure herritarrei, enpresei, eragile sozial eta ekonomikoei eta erakundeei”.

EH Bilduko bozeramaileak esan duenez, “Gipuzkoarren kezka nagusiak, lana, sustapen ekonomikoa, ongizatea eta justizia soziala dira, eta, nola ez, etorkizunerako gure seme-alabentzat utziko dugun lurraldea”. Gai horietan, EH Bildu adostasunetara iristeko prest dago, eta bai Osoko Zuzenketa bai ehundik gorako zatikako emendakinak bertan behera lagatzeko prest. Horretarako, bost proposamen egin dizkio Foru Gobernuari, oso garrantzitsuak eta, koalizioaren ustez, “oso zentzuzkoak”.

Laburbilduz, bost marra gorri planteatu ditu EH Bilduk: lan prekarietatearen aurka borrokatzea, enpresa txiki eta ertainei laguntzea, gizarte zerbitzuak zabaltzea, erraustegia baztertzea eta fiskalitatea herritarren zerbitzura jartzea. Xabier Olanok EAJri altura politikoa eskatu dio gai hauetan herri akordio batetara iristeko.

Zehazki, hauek izan dira Gobernuari egindako proposamenak:

  1. Langabezia eta prekarietatea borrokatu: EH Bilduk lan prekarietateari eta langabeziari aurre egiteko proposamen zehatzak egin ditu aurrekontuetan. Alde batetik, egoitzetako 4.800 langileen lan baldintzak hobetzeko eskaera (4,6 milioi euroko inbertsioarekin) eta, bestetik, 3 urteetan enplegu zuria sustatu eta 740 lanpostutik gora sortzeko proposamena, Gizarte Zerbitzuen Maparen zabalkuntzarekin (2016rako, 3 milioi euro)
  2. Ekonomia sustatu: Tokiko garapenaren ikuspegitik, ekonomia sustapenerako zuzendutako diru-laguntzak birbideratu behar dira baserri zein enpresa txiki eta ertainetara iristeko, horiek baitira Gipuzkoako aberastasuna eta lan postuak sortzen dituztenak.
  3. Ongizate sistema indartu: Murrizketarik gabeko herrialdea izendatu zuen Gipuzkoa aurreko Gobernuak, eta alor onetan ez dugu atzera pausurik onartuko. Horregatik, 16 milioi euroko inbertsio soziala gehitu nahi diegu aurrekontuei, herritarren eskubide sozialak babesteko eta 110 plaza berri sortzeko. Kabian onartutako egutegia bete behar da dagozkien baliabideak jarriz.
  4. Erraustegia bertan behera laga: Akats handia da. Epe motzerako ikuspegia, Gipuzkoa hipotekatuko duena ekonomikoki eta ekologikoki. Horregatik, hondakinen kudeaketa iraunkorrerako akordioa luzatu nahi diogu Gobernuari.Lau urtez behin eman daitezkeen Gobernu aldaketatik haratago.
  5. Fiskalitate justuagoa ezarri: Foru Gobernuak ezin du Ogasunarekin jolastu elite pribilegiatuen neurrira egindako fiskalitatera bueltatzeko. Aberatsenei zergak jaitsi eta barkatzean oinarritutako eredu fiskala onartezina da, fiskalitateak aberastasunaren birbanaketarako eta justizia sozialerako tresna izan behar du. Ongizate sistema egokia finantzatu ahal izateko, Ondare eta Sozietate zergen ekarpena handitu behar da.