EAJk beste aldaketa fiskal bat egin nahi du Gipuzkoan errenta handiei zergak jaisteko, oraingo honetan, eliteko kirolari profesionalei, hain zuzen ere. Enpresari aberatsen ekarpenak gutxitu eta gero - Fortunen Gaineko Zergaren erreformaren bitartez -, Foru Gobernuak berriro ere adiskedekeriaz jokatuko du errenta handiekin, aberatsenei mesede egiten eta beraien neurrira egindako fiskalitatea ezartzen. Aldaketa fiskal hori, gainera, ezkutuan eta informazio publikorik eman gabe egin nahi izan du Diputazioak, atzeko atetik sartuz, EAJko talde batzarkidearen zuzenketa baten bidez.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok azaldu duenez, Batzar Nagusietako Ogasuneko Batzordeak bihar eztabaidatuko du Gobernuak aurkeztutako Foru Arau proiektu berria, zerga alorreko aldaketa jakin batzuk onartzen dituena. Aldaketa gehienak izaera teknikoa izan arren, oso deigarria da EAJko batzarkide taldeak aurkeztutako zuzenketa bat. Bertan, 300.000 eurotik gorako “errenta irregularren” tributazioa nabarmen aldatzen dute, salbuespen fiskalak zabalduz. Horri esker, erdira jaitsiko da errenta horiek Gipuzkoako Ogasunera ordaindu beharrekoa.

Xabier Olanoren hitzetan, “eskandalagarria da EAJk fiskalitatearekin jolastea Gipuzkoako Ogasuna gutxi batzuen mesedeetara jartzeko, eta ez herritar guztion interesak defendatzeko”. Gainera, oso larria da, isilean eta ezkutuan egin nahi izatea, informazio publikorako tramitazioa bete gabe. Izan ere, Gobernuak ez du Foru Arauan bertan sartu, baizik eta EAJ talde batzarkideak egindako zuzenketa baten bidez onartu nahi du aldaketa, oharkabean pasatu nahirik.