EH Bildutik gogor salatu behar dugu beste behin EAJ eta PSEren jokabidea Zubietako errauste plantaren inguruan. Lehenik eta behin, EAJ-PSEk ez zioten GHKren kalifikazio aldaketagatik inori informatu, eta orain auziaren larritasunaz informatu zuen teknikaria kalera bota dute. EAJ-PSEk ingeniaritza legal eta finantzieroa asmatzen jarraitzen dute, baino hori errauste plantaren agonia luzatzeko besterik balio ez duen bidea da.

Gogoratu behar dugu gaurko bilera Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioan EH Bilduk dituen mankomunitateetako ordezkariek deitu zutela urgentziaz. Azaroaren 10an egindako prentsaurrekoan informatu genuen bezala, Tolosaldeko Mankomunitateko Lehendakariak (Josu Amilibia) eta Urola Erdikoak (Aitor Bereziartua), GHKko estatutuak eskuan, GHKko presidenteari, Jose Ignacio Asensiori, bilera urgente bat eskatu zioten GHKren zorraren eta balizko disoluzioaren inguruko informazioa eskuratu ahal izateko.

EH Bildutik gogor salatzen dugu gaurko asanblada honetan EAJk eta PSEk hartu duten GHKren kontu hartzailea botatzeko erabakia. Gogoratu nahi dugu bera izan zela GHKren kalifikazio aldaketaren berri eman ziena batzarkideei eta beste erakundeei. Bere txostenean zion GHK desegin behar zela Egonkortasun Legearen ondorioz. Berak, kasualitatez, Espainiako Gobernuaren erabaki baten berri izan zuen, non esaten zen abuztuaren 1etik GHK ente lokal batean bihurtzen zela, eta ondorioz, egonkortasun legea bete behar zuela eta desegin behar zela. Eskandalu handia sortu zen informazioa prentsan agertu zenean, agerian geratu zelako Diputazioaren ezkutukeria. Izan ere, nahiz eta abuztutik jakin, Diputazioak ez zien informatu ez urrira arte Kontsortzioko presidentea izan denari, Ainhoa Intxaurrandietari, ez mankomunitateko presidenteei, ez batzarkideei, ez gipuzkoarrei ez inori. Eta hori oso larria da, Madrilek hartutako erabakiak hankaz gora jartzen duelako orain arte errauste planta eraikitzeko sortu zuten entramadu guztia eta Foro Ogasuna oso egoera larrian utzi duelako.

EH Bildutik goraipatu nahi dugu teknikari honen jokabidea, baita ere egia agerian uzteagatik eta ustelkeria salatzeagatik bere karrera profesionala arriskuan jartzeko prest diren funtzionario publiko guztien jokabidea. Horrelako pertsona gehiago behar dira gure erakundeetan, eta ez informazioa ezkutatu eta jendearen bizkar nahi dutena egiteko gai diren politikari interesatuak.

Beste aldetik, EAJk eta PSEk errauste planta kosta ahala kosta egin nahi dutela agerian geratu dela nabarmendu behar dugu beste behin. Izan ere, aipatutako kontu hartzaileak, kanporatua izan baino lehenago, beste txosten bat jarri du mahai gainean gaurko bileran. Bertan, aurrekoan esandakoan berresten da eta Diputazioak emandako argudioak banan bana errefusatzen ditu. Laburbilduz, kontu-hartzaileak dio GHK ente lokala dela eta, beraz, horrelako erakundeak arautzen dituen Gipuzkoako arau forala bete behar dela eta ondorioz, egonkortasun legea aplikatu behar zaiola. Aldiz, Diputazioak orain dio kasu honetan ez dela foru araua aplikatu behar. Oso argumentu harrigarria da hau, orain arte GHKren entramadu guztia Gipuzkoako foru araudian oinarritu dutelako. Eta are harrigarria da foru araudia berari uko egitea, autogobernu eta kontzertuaren defendatzaile gisa agertzen diren EAJ eta PSE, kasu honetan, GHK foru araudiaren kanpo uztea proposatzen ari direlako.

Edozein kasutan, errauste plantaren etorkizuna oso iluna dela agerian geratu da gaurko batzarrean. Foru araudia aplikatzen badute, GHK disolbatu behar dute eta errauste planta egiteko sortu zuten entramadu guztia eroriko da. Eta foru araudia ez badute aplikatzen eta Diputazioak zor guztia bere gain hartzen badu, Gipuzkoako inbertsio gaitasuna hipotekatua geratuko litzateke urte askoetarako.

Jakina den bezala, EH Bilduk errauste pantaren eraikuntza geldiarazi zuen proiektu hau, arlo ekonomikoan ere, izugarrizko zama bilakatuko litzatekeelako aurrekontu publikoentzat. Horren ordez, EH Bilduk eredu sostengarriagoa aurkeztu zuen, Europako arauetara egokituta, eta errauste plantaren inbertsio erdia baino gutxiago eskatzen duena. EAJ eta PSE konklusio berdinera iritsi beharko lirateke berandu izan baino lehen, eta Zubietako errauste plantaren proiektua bertan bahera utzi.