Gipuzkoako Foru Gobernuak 2016rako aurkeztutako Aurrekontu Proiektuak ez die herritarren beharrei erantzuten; murrizketa sozialak aurreikusten ditu eta Diputazioaren inbertsio ahalmena hipotekatzen du erraustegia finantzatzeko. Gainera, garapen ekonomiko iraunkorrerako planteamendu osoa eta integrala falta zaio; zerga sistemak progresibitatea galdu du eta aurrekontu parte-hartzaileak desagertu egin dira. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk erabaki du Osoko Zuzenketa aurkeztea eta EAJ-PSEren Gobernuari norabidea aldatzeko eskaera egitea: “180 graduko biraketa soziala behar da”.

EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok, hainbat batzarkideekin batera, Osoko Zuzenketa aurkeztu du gaur Batzar Nagusietan. “Foru Aldundiak azaroaren hasieran aurkeztu zuen Aurrekontu Proiektua eta, EH Bildu Batzar Nagusietako bigarren indarra izan arren, momentuz, ez digu ezta deitu ere egin. Beraz, Gobernutik hedatzen den kontsentsurako mezuaren kontra, gizarte partaidetza eta eragile politiko eta sozialak kontuan hartu gabe burutu dira aurrekontuak. Bihar bukatzen da ekarpenak egiteko epea eta proiektua ikusita, Osoko Zuzenketa aurkeztera behartuta gaude, EAJ-PSEri norabidea aldatzeko eskaera egiteko”.

Xabier Olanok azaldu duenez, EH Bilduren Osoko Zuzenketak ekonomia suspertzea du helburu, ongizate sistema indartuz eta zementutik harago joan behar duen inbertsio publikoa sustatuz. “Guk murrizketarik gabeko aurrekontuak hitzartzeko borondate argi eta zintzoa dugu, beraz, Foru Gobernuari eskua luzatzen diogu: hitz egiteko borondatea badu, EH Bilduk arduraz erantzungo du herritarren beharrak defendatzeko”.

Oraingo Aurrekontu Proiektuarekin, ordea, ongizate sistemak atzera egingo du gure Lurraldean. Gizarte politiken gainbehera benetan larria da. Jendartearen beharrak inoiz baino handiagoak direnean, Foru Aldundiak ez du erantzun egokirik ematen eta murrizketak planteatzen ditu. Guk aldiz, zerbitzuak zabaldu nahi ditugu, ongizate sistema gero eta indartsuagoa behar dugulako gipuzkoarron beharrei aurre egiteko.

Aldiz, errauskailua finantzatzeko diru kopuru oso handia bideratu nahi du Foru Gobernuak: 2016an, 6 milioi euro, eta hurrengo hiru urteetara begira, beste 78 milioi euro. Horrek hipotekatu egingo du Aldundiaren inbertsio ahalmena. Gipuzkoako garapen ekonomiko iraunkorrerako planteamendu osoa eta integrala falta zaio EAJ-PSEren proposamenari. Horren ordez, zehaztu gabeko diru partida handiak txertatu ditu Ekonomia Sustapeneko, Landa

Inguruneko eta Lurralde Orekako Departamenduan. Gipuzkoan lanpostu gehieneak mantentzen dituzten enpresa txikiei ez zaie, inondik inora, garapen iraunkorrerako duten papera errekonozitzen, ezta garapen agentziei ere. Gure ustez, herrialdeko garapen orekatu eta iraunkorra sustatzeko, sektore guztiei irtenbide berriak eskainiz, oinarrizko planteamendu zehatzak behar dira.

Bestetik:

− Euskarazko kultur industria eta zerbitzuak euskaraz emateko ekimenak ez dira behar hainbat lagundu eta baloratzen.
− Indarkeria matxistari aurre egiteko baliabideak murrizten dituzte
− Koldo Mitxelena liburutegia, Aranzadi Zientzia Elkartea edota Balentziaga museoari zuzendutako partidak nabarmen jaisten dira. Eta larriena, Kalostra arte eskola itxi nahi dute.
− Udalek parte-hartzea susta dezaten baliabideak erabat murrizten dira.
− Lehenengo sektoreari dagokionez, baserritar guztienganako oinarrizko laguntzak mantentzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Baina horretaz gain, etorkizunerako irtenbideak eskaintzeko politika integrala falta da, bai abeltzaintzan, bai basogintzan. Mendiko kudeaketan, natura 2000 guneak babesteko inongo planteamendurik ez da egiten.
− Buruntzaldeako autobus zerbitzu berria (herritarren partaidetzaz sustatua) desagertzen da. Bidegorri berrien eraikuntzan beherakada nabarmena dago.