Gipuzkoako Foru Aldundiak 2016rako aurkeztutako proiektuan, Aurrekontu Orokorraren %0,4 besterik ez da bideratzen Nazioarteko Garapenerako Lankidetzarako, Nazio Batuen Erakundeak ezarritako %0,7tik oso urrun. EH Bilduren ustez, herrien arteko justizia elkartasuna bitartez ere gauzatzen da, eta onartezina da Diputazioaren diru-sarrerek gora egiten dutenean Lankidetzak behera egitea, eskuineko ohiko jardun insolidarioenei jarraiki.

EH Bilduko batzarkide Ainhoa Beolak bere kezka adierazi du Kulturako diputatu Denis Itxasoren ardurapean dagoen Nazioarteko Lankidetzarako zuzendaritzaren noraezagatik: “Aurrekontuetan atzera egiteak, printzipioetan lausotzeak eta plangintzan luzatzeak kezka besterik ezin sor lezake milaka gipuzkoar boluntario eta elkarteren artean”. Horregatik, EH Bilduk Diputazioari eskatu dio ez dezala atzera pausurik eman arlo honetan Gipuzkoan egindako ibilbidean, bere plangintza lehenbailehen aurkeztu dezala eta lankidetza eraldatzailea sustatu dezala.

Azken albiste larria, aurrekontuaren jaitsiera izan da. Beolak gogoratu duenez, Gipuzkoa aipatua izan da erakundeentzat egoera ekonomiko larriena izan den urteetan, 2011-2015, Lankidetzako aurrekontuari eutsi izan zaiolako. EAJ-PSEren Gobernu berriarekin, ordea, Lankidetzak pisua galdu du, eta aurrekontua behera egin du %0,4ra arte.

Gainera, Denis Itxasok esan du ez duela plangintzarik aurkeztuko 2017ra arte, eta “ideologiarik gabeko lankidetza” gauzatzeko asmoa duela. “Gainerako esparruetan bezala, ideologiarik ezak definitzen du, hain zuzen ere, ideologia liberalizatzaile tradizionala”.