EH Bilduk iruzur fiskalaren aurkako borroka indartu nahi du Gipuzkoan, gure eredu politiko eta ekonomikoaren oinarria baita herritar guztiek eskubide eta betebehar berberak izan behar dituztela. Horregatik, zorrak borondatez ordaintzearen aldeko pedagogiak bultzatuta, 100.000 eurotik goragoko zordunen zerrendak argitaratzea eskatu dio Gipuzkoako Ogasunari. “Milioi bat eurotik gorako zordunetara mugatzen badugu ekimen hau, eragin oso murritza izango du eta nekez lortuko dugu disuasio-neurri eraginkorra bilakatzea”, adierazi du EH Bilduko bozeramaile Xabier Olanok.

EH Bilduren eskutik azken lau urteetan iruzurraren kontrako borrokan egindako urratsak nabarmenak dira, izan ere, 1.500 milioi euroko iruzurra azaleratu zen aurreko legealdian. Zordun guztien zerrenda publikoa egitea ere planteatu zen, Batzar Nagusietako talde guztiek onartu baitzuten neurria, baina datu babes kontuengatik ezin izan zen egin.

Orain, aldiz, datu pertsonalen babeserako irizpideak aldatu dira, eta ekimen koordinatu bat iragarri dute foru diputazioek datorren urteko bigarren erditik aurrera: ogasunei milioi bat eurotik gora zor dieten zergadunen zerrendak argitaratuko dituzte. EH Bilduren ustez, gipuzkoarrokin zorretan dauden pertsona fisiko zein juridikoen datuak gizartearen aurrean argitaratzea norabide egokian emandako urratsa da, eta zentzu horretan positiboki baloratzen dute eta urrats gehiago ematea eskatzen dute.

Hala ere, gizartean gaitzespen handia sortzen duten jarrerak ez dira milioi bat baino zor handiagoa duten pertsonetara mugatzen. Antzeko gaitzespena sortzen dute zorra txikiagoa den kasu larriak ere. Horregatik, EH Bilduk eskatu du 100.000 eurotik goragoko zordunen zerrendak argitaratzea, eta, zentzu honetan, ebazpen proposamen bat aurkeztu du Osoko Bilkurara.