Herri bezala, asko dugu jokoan abenduaren 20an.

Euskal Herritarren ahalduntze prozesuan jauzia emateko aukera ezin hobea daukagu.

Aukera paregabea dugu erakusteko Gipuzkoan badagoela gehiengo oso bat erabakitze eskubidearen alde dagoena, Estatu espainolaren aldetik datozen inposizio gehiago onartzeko prest ez dagoena.

Ikusi besterik ez dago, Catalunyako prozesu demokratikoaren aurrean, Estatu espainola betiko inmobilismoa, ukazioa eta inposizioarekin erantzuten ari da. Beraz, Madrili begiratzeari utzi eta gure bidea egitea beste biderik ez digute uzten euskaldunei eta kataluniarrei.

Inori baimena eskatu gabe gure bidea egitea da EH Bilduren proposamena. Guk, zerrenda hau osatzen dugun guztiok, argi dugu gauza bat: independentzia nahi eta behar dugula. Herri honen askatasuna eta ongizatea dagoela jokoan.



Beste alderdiak gaur egungo egoerari eustea bilatzen ari dira. Beste lau urtez Madrilera begira egotea, ea zer ematen diguten; ezer onik etorriko ez denean.

EH Bilduk berriz, aldaketa proposatzen du. Madrilek inposatzen digun ereduak ez digu balio, ez alde politikotik ezta alde sozialetik ere.

Adibidez, Gipuzkoan pobrezian bizi diren 111.000 gizon emakumeek, dependentzia duten 26.000k, langabezian dauden 42.000k, Estatu Espainoletik txarrera baino ezin dute egin. Herritar guztion eskubideak bermatuko dituen beste eredu bat behar dugu, eta eredu aldaketa hori Madrilen ez da gertatuko. Hemen, Euskal Herrian, Gipuzkoan, baldintza hobeak ditugu aldaketa sozialak eta ekonomikoak aurrera eramateko.

Eta zer esan bake prozesuari buruz. Madriletik ezin da ezer onik espero. Bidea Euskal Herrian dago. Bake prozesua aurrera egiteko bidea Euskal Herrian aliantza berriak erdiestea da. Konponbidea ez da Madriletik etorriko. Errenteriako esperientziak erakusten du hemen bai, hemen posible dela aurreratzea. Hernanin ere lehen pausuak ematen ari dira zentzu horretan eta beste leku askotan ere esperientzia berriak sortzen ari dira. Hori da bidea, hemen egin eta Madril mugitzera behartu.