Lasarte-Orian sortu berri den Aire Garbia plataformak dei egin die inguruko herritarrei beren protesta azaldu dezaten Gipuzkoako Foru Aldundiak Zubietan errauste planta jartzeko berpiztu dituen asmoen kontra. EH Bilduk bat egiten du ekimen honekin eta herritar guztiei manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi die: Gure osasuna, gure ingurumena eta gure dirua jokoan daude.

Gipuzkoako Foru Gobernua osatzen duten EAJko eta PSEko ordezkariek errauskailuaren proiektua berpiztu nahi dute, eta, horrekin batera, Zubieta inguruko herritarrek urteetan bizi izan duten amesgaiztoa. Errauste planta osasunerako kaltegarria da, toxikoa eta kutsagarria. Eta ez hori bakarrik, ekonomikoki ez da bideragarria eta Diputazioaren inbertsio ahalmena baldintzatuko du hurrengo lau urteetan.

Gipuzkoar guztion elkartasuna sentitu behar da larunbatean Lasarte-Orian, inork ez duelako nahi errauste planta kutsakorrik bere etxe ondoan. Izan ere, azken hamarkadetan, Urnieta, Hondarribia, Donostiako Aritzeta eta Landarbason kokatzeko egitasmoek porrot egin dute. Are gehiago, Zubietan errauste planta egitearekin ez dago ados Lasarte-Oriako Udala, PSE barne, herriari «zuzenean» eragingo liokeela baitio.

Lurralde aski hondatuan eragiten duten makro-proiektuak geldiarazteko eta egungo jendarte-eredua aldatzeko apustu irmoa egiten du EH Bilduk. Horregatik, herritar guztiei manifestazioan parte-hartzeko deialdia luzatzen diegu. Larunbatean, arratsaldeko bostetan abiatuko da errausketaren aurkako aldarria Lasarte-Oriako Okendo plazatik.